Soraluzeren armarria (eu)

    Sorapediatik

    Armarri zaharra

    Udaletxeko armarria (Pilar Rivera 1997)

    Azalpena

    Armarriaren esparrua rocaille formakoa da, eta soka luzea dauka inguruan. Fondo gorria (gules) du eta erdian urrezko gaztelua dauka, honen almenetatik bi banderatxo zuri irteten direla, alde banatan, Borgoinako gurutzea dutenak.

    Esparuraren kanpoaldean, alde banatan bere koloreko lehoi bana, aurreko hankekin armarria oratzen dutela; atzeko hankak, berriz, artilleriako kanoi banatan bermatuta daude, armarriaren azpian gurutzatuta, eta eskuinekoak ahoa gorantz eta ezkerrekoak beherantz dutela.

    Lehoien gainean, bi bandera alde banatan, lau guztira, zuriz bata eta gorrixkaz bestea. Eta alde banatan eta hurrena besteen azpian, burgundiar gurutzedun bandera zuria.

    Multzo osoa apainduz, antzinako gerra-tresna ugari daude: kasketak, espingardak, lantzak, mazoak, ezpatak, trabukuak, etab. Eta horren guztiaren gainean, bederatzi puntako koroa bat.

    Balizko interpretazioak

    Armarrian Borgoinako gurutzea duten hainbat bandera zuri agertzen dira. Soraluzeko bandera izan daiteke (ala alderantziz), edota Gipuzkoako udaletan bizilagunen konpainia militarrek erabili zuten "bandera koronela", haratago joan barik[1].

    Lehoien gaineko bandera zuriak eta gorriak armaginen lau gremioak ordezkatuko litzateke.

    Eta aintzinako gerra-tresnak Soraluzeko Erret Lantegiek hornitzen dituztenak izan zitezkeen. Kainoiak ere armagintzarekin lotu zitezkeen... baina XIX. mende bukaera arte ez ziren kainoirik egin Soraluzen.

    Ale fisiko zaharrenak

    Udaletxearen etxeaurrean badago harrizko armarria, XVIII. mende bukaerakoa.

    Udaletxean bertan ere, osoko bilkuren aretoan bada olio pintura bat, herriaren armarria irudikatzen duena.

    Bertsio okerrak

    Historian zehar Soraluzeren armarria hainbatetan erabili, deskribatu edota irudikatu dute, baina ez beti modu zehatzean.

    Pablo Gorosabelek bere hiztegian jasotzen du lehoiak armarriaren esparruan daudela, era ez kanpoan.

    Fausto Arocenaren arabera, Gipuzkoako Aldundiaren jauregiko beirate baten bueltan, bada armarri bat Soraluzekoa izan nahi duena: esparru gorrian gaztelua dakar, eta honen azpian bi lehoi ditu, alde batera eta bestera irtetzen ari direnak.


    Madrilgo sigilua

    1876.ean, bigarren karlistada bukatu berria, Madrilgo gobernuak eskatu zituen udalen sigiluen txantiloia.

    Udazkenean Ciriaco Larrosak, Soraluzeko alkateak, erantzun zion Donostiako gobernadore zibilari:

    Udalerrietako zigiluei buruz xedatzen dena betez, agiri honen bazterrean eta honekin batera doan beste orri zuri batean aurkituko du berorrek hiribildu hau oso antzinatik erabiltzen duena; gainera, Udaleko langile guztiak berriak izanik eta artxibo osoa arretaz aztertu eta gero, zigiluaren historiarik ez dagoela eta ez dela ezagutzen adierazi behar diogu berorri; eta jakinarazten diogu erdian dagoena gaztelu bat dela, bi bandera dituena, kuartelari eusten dioten bi lehoi dituena, eta armarri beretik trofeo itxurako armak eta banderak ateratzen dira.
    Ahal den guztia egingo dugu historia hori ikertzeko eta, zerbait aurkituz gero, bidali egingo diogu berorri.
    Eta hau da esan ahal diodana, erregearen gobernuak proposatzen duen helbururako.
    Jaungoikoak berori gida dezala urte askotan. Soraluze, 1876ko irailaren 15a
    Alkatea
    Ciriaco Larrosa
    Gipuzkoako Gobernadore Zibila
    Donostia

    Argi ikusten denez, 1876.eko sigilua armarriaren bertsio "arina" da: gaztelua erdian, bi banderekin, bi lehoi ezker-eskuman,bina bandera bakoitzaren atzean, bost puntako koroa eta "trofeo" itxurako batzuk azpian.

    Siguluaren inguruan gaztelerazko testua dakar: N. Y L. VILLA DE PLACENCIA DE LAS ARMAS (euskaraz, Soraluzeko hiribildu noble eta leiala).


    En cumplimiento de lo que se dispone respecto de los sellos de los municipios, hallarà V.S. al margen de este pliego y en otro en blanco que le acompaña, el que usa esta villa desde muy antiguo; debiendo manifestarle ademàs que siendo nuevo todo el personal del Ayuntamiento y habiendo revisado detenidamente todo el qarchivo, no se encuentra ni se sabe la historia del sello; advirtièndole que lo que se halla en el centro es un castillo con dos banderas, dos Leones sosteniendo el cuartel y del mismo escudo salen armas y banderas en forma de trofeo,

    Se harà todo lo posible para la averiguraciòn de la referida historia, quedando en mandarlo si es que algo se averigua.

    Es cuanto puedo decirle a V.S. para el objeto a que se propone el gobierno de S.M.

    Dios guìe a V. S. m. a. Placencia 15 de Setiembre de 1876

    El Alcalde

    Ciriaco Larrosa

    Sor. Gobernador Civil de Guipuzcoa San Sebastiàn

    (Espainiako Nazio Artxibo Historikoa, 1876/09/15)


    Gaur eguneko armarria

    Beste herri askoren moduan, XX. mende bukaeran Soraluzeko Udalak bere armarri edo sigilua eguneratzea erabaki zuen.

    Itxura arinagoa eta modernoagoa emateaz gain, gaur eguneko euskarrietan erabilerreztasuna bilatzen zen: paper eta agirietan, sinaletikan, web orrietan… Bi bertsio sortu zuten, bata koloretan (berde eta horia) eta zuribeltzean bestea.

    Diseinu berriak armarriaren zera esanguratsuenak gorderzen ditu, berrinterpretatuak: gaztelua erdian, bi bandera alde banatan eta guztiaren gainean koroa.

    Gazteluko azpiko eraikinak erdian ate bat dauka, alde banatan leiho bat eta goikaldean lau almena zabal. Honen gainean hiru dorretxo, erdikoa bssrebiak baino altuagoa.

    Gaztelu ertzetatik irtetzen diren bi banderak armarriaren esparrua pasatzen dute, eta honen ertzak goitik beherako marra zabala marrazten die.

    Goi aldeko koroak bost "punta" dItu, borobilak eta kanootik barrura gero eta handiagoak.


    Erreferentziak

    Placencia. Monografia. Ramiro Larrañaga (Donostia 1970).

    Soraluzeko Udalaren web orria.

    1. Gaztelako tertzio batzuek erabiltzen zuten, eta XIX. mendetik aurrera karlistek ere.