XVIII. mendeko historia (eu)
Mendearen nundik norakoak
Gertakariak eta Soraluzen jazotakoaren zehazpenak
Urteak | Gertakaria | Soraluzen jazotakoa |
---|---|---|
1695 | Korrejimentua Soraluzen |
Urte horretan Soraluzeko ordenantza berriak onartu ziren. Ordenantzek bi aldaketa handi ekarri zituzten: errejimendu bera, eta hautagaiak izendatzeko modua. Errejimendua sortzeak udal irekiaren ahalmen asko agintarien eskuetara pasa zituen. Beste aldetik, hautatuak izateko eskubidea aberats guztiei, milaristeei, zabaldu zitzaien eskuratu zuten (aurretik oso sistema itxia zen). |
1700 | Izurritea eta gosea |
1700 urte hasieran beste izurritea heldu zen Soraluzera. Eragindako hildakoez kezkatuta, otsailean armagileen gremioek eskatu zuten San Roke Txiki herrira ekartzeko, eta hala egin zuten, lau gremioek prozesioan antolatuta. Nahikoa ez zelakoan, martxoan Ezoziako Andramaria eta San Sebastian ere ekarrik zituzten. |
1701-1714 | Espainiako Ondoretza Gerra |
Ingurunea. Espainiako Carlos II. hil era gero, Anjouko Feliperi egokitu zitzaion Espainiako koroa, baina Austriak eta Ingalaterrak Espainia eta Frantziaren kontra gerra egin zuten. Soraluzera ez zen gerra heldu, baina eragin zuzena izan zuen armagintzan. 1705.ean Miguel Francisco Salvador zuzendari berria heldu zen eta ekoizpena bideratu zuen. Eta 1710.etik aurrera Espainiako krisi ekonomikoak armetarako diru iturriak agortu zituenean, eskaerak asko apaldu ziren. |
1718 | Matxinada |
Ingurunea. 1717.ean Felipe V.ak itsasertzera eraman zituen aduanak eta, besteak beste, gariaren prezioa igoz. 1718.eko abuztuan zerga-biltzaile hil zuten Bilbon, eta lehen matxinada lehertu zen. Kapareak hil, jauregiak erre... denetik izan zen. Aurki matxinada Bizkaira eta Deba arrora zabaldu zen.
Azaroak 6an, goiz goizetik, hirurehun bat gizon armatu abiatu ziren Bergara eta Elgetatik Soraluzeruntz, jende eta arma gehiagoren bila. Behin Soraluzen, alkateari “eskatu” zioten "Probintzia eta foruen alde" laguntzeko. Azkenean herriak hirurogei laguneko saldoa antolatu zuen eta, etorritakoekin batera, Eibar eta Elgoibarrera pasa ziren. Suzko Armen Erret Fabriketako gremioek bertan behera utzi zuten erregearentzako beren lanak eta matxinada bukatu artean ez ziren lanera itzuli. |
1719-1720 | Frantsesak Soraluzen |
Ingurunea. 1717-1720 epean Espainiako Felipe V.ak Lauko Aliantzaren (Frantzia, Bretainia Handia, Austria era Herbehereak) aurka egin zuen, Italiako eskualde batzuk bere semeentzat hartzeko... eta gerra galdu zuen.
1719.eko udan Frantziako Berwickeko dukeak Gipuzkoaz jabetu zen, eta Soraluze okupatuta izan zen 1719.eko abuztutik 1720.ko otsaila arte. Gainera, 1719.eko abuztuan Gipuzkoako Aldundiak probintzia (Soraluze barne) Frantzian sartzeko eskatu zuen. |
1733 | Matxinada |
Ingurunea. XVIII. mende hasieran armagintzaren arazoak okertu egin ziren: armadak ez zuen nahikoa lan ematen, intxuarrondoen faltan ezin ziren garaiz bukatu eta, kobratzeko ordutan, komeriak izaten ziren.
1733 urtean Soraluzeko bi armaginek Gipuzkoako korrejidoreari idatzi zioten oso estilo "arinegia" erabiliz. Gipuzkoako Diputatu Orokorra jabetuta, erregeari idatzi zion, kexu. Joseph Patiño lehen ministroak korrejidoreari erantzun zion egindako iraina kentzeko, kopia bat Erret Fabrikako ofizial aztertzaileei bidaliz. |
1734 | Caracasko Konpainia |
Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia zena Espainiako armada eta Soraluzeko Erret Lantegien arteko asentista (bitartekari) bakarra izendatu zuten, eta halaxe izan zen 1784. arte. Honi esker, eskaerak (eta diru sarrerak) askoz egonkorragoak izan ziren. Baina... Konpainiak ekoizpenari buruzko kontrolak nabarmen zorroztu zituen alde batetik, eta bestetik preziotan. |
1755 | Izurritea |
Udan beste izurritea izan zen. Egoera kezkagarriaren aurrean, eta betiko moduan, San Roke Txiki ekartzea erabaki zuten, irailak 29an, bederatziurrena egiteko. |
1761 | Armak gerrarako |
Ingurunea. 1756. urtean Zazpi Urteko Gerra (1756-1763) sortu zen Europa. Alde batean Britainia Handia, Prusia eta Brunswick-Lüneburg elkartu ziren; bestean Austria, Frantzia, Errusia, Suedia eta Saxonia bera. 1761.ko urtarrilean Espainiako Carlos III.ak Britainia Handiari gerra deklaratu zion. Bakea 1763.ean sinatu bazuten ere, ordurako miloitik gora lagun hil ziren Europan bakarrik.
Carlos III.ak Gipuzkoa eta Bizkaia mobilizatu zituen Cantabriako Errejimentua antolatzeko. Gipuzkoak ekarritakomgizon kopirua eskertzeko, erregeak gipuzkoar ospetsua izendatu nahi izan zuen bertako ofiziala. Hautagai bat Soraluzekoa izan zen, 15 urtetako Joseph Juaquín de Mendiola gaztea. |
1766 | Matxinada |
Ingurunea. Udalak, gariaren horniketa bermatu behar zutenak, aberatsen esku zeuden. Baina gose urteetan aberatsek nahiago zuten beren garia garesti esportatu eta ez herrian merke saldu. 1666.ean Gipuzkoan gosea zabaldu zen. Azkoitian apirilaren 13an hasi zen matxinada, arratsaldeko ordu bi t'erditan, eta Azpeitiara pasa ziren geroago. Hurrengo egunetan Elgoibar, Mutriku, Ondarroa, Berriatua, Eibar... korritu zituzten. Apirilak 21ean, goizeko 11etan, Elgoibarretik Bergararuntz irten ziren milaka matxino, Soraluzetik pasatuz. Soraluzen gertatuaren bertsio kontrajarriak daude: soraluzetarrek fusilen hotsekin hartu zituztela matxinoak, 150 soraluzetar bildu zitzaiela Bergararen aurka joateko, soraluzetarrek bergarakoei abisua pasa zietela, matxinoek Soraluzeko Erret Lantegiak hartu zituztela. |
1775 | Armen kontrabandoa Estatu Batuetara |
Ingurunea. 1774.ean Estatu Batuetako independentzia gerra hasi zen. Matxinoek, besteak beste, armak behar zituzten, eta hornitzaile bat Diego Maria Gardoqui Arriquibar bilbotarra izan zen, aurretik matxino batzurekin harreman komertzialak zituelako.
1774.eko bukaeran Jeremiah Leek Diego Gardoquiri armak eta polbora lehen bailehen bidaltzeko eskatu zion. Honek Soraluzera jo zuen eta 1775.eko otsailean 300 moskete bere baionetekin eta 600 pistola pare agindu zizkion. Espainia neutrala zenez, arma guzti hauek kontrabandoan bidali zituzten. |
1779 | Lehen intsumisoak |
Ingurunea. 1774.tik aurrera Estatu Batuak gerran zeuden Britainia Handiarekin, independentzia lortzeko. Espainia neutrala zen, baina izkituan matxinoak laguntzen zituen. 1779.eko ekainean Espainiako Karlos III. erregeak gerra deklaratu zion Britainia Handiari. Britaniarrek Gipuzkoako portuak erasoko zituztelakoan, Aldundiak haien defentsa antolatzen hasi zen, beharrezko mutil eta gizonak deituz.
Soraluzen, 1779.eko urriak 5ean Josef Ygnacio de Yraola alkatea hasi zen bertako soldaduak biltzen, zozketa egiteko eta herriko konpainia osatzeko. Baina zalaparta eta desordena sortu ziren; eta behin zozketa eginda, alkatea aretotik irten ostean, istiluak gero eta handiagoak egin ziren, eta eskribauari aukeratuen zerrenda kendu nahi izan zioten. Alkatea itzuli zenean jakinaren gainean jarri zuten, baina ez zuen liskartiak zigortu nahi izan. |
1784 | Filipinetako Konpainia |
Ingurunea. 1734.tik Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainia zen Soraluzeko Erret Lantegien asentista. Baina 1779.etik aurrera gauzak asko okertu zitzizkion: Ameriketako komertzioa zabaltzea, Britainia Handiarekiko gerra, piratak...
1784.rako Konpainia zorrek itota zegoen, eta desegin egin zen. Ondorioz, "bezero" gabe geratu zirenez, eta asentista berria egon artean, Soraluzeko armagileek zorrak, langabezia eta gosea besterik ez zuten aurrean. |
1794 | Soraluze frontean |
Ingurunea. 1789.ean Frantziako Iraultza hasi zen. Lau urte geroago, Luis XVI. gilotinatu zutenean, Espainiak gerra deklaratu zion Frantziari. Urte hartan gerra Katalunia aldean garatu zen, baina bada ezpada Gipuzkoako Aldundiak 750 gizon errekrutatu zituen. 1794.ean Aldundiak beste 5.400 soldadu eta 800 ofizial errekrutatu zituen, eta bitartean espainolek Bidasoa zeharkatu zuten; baina frantsesek atzera bota eta uztailean Gipuzkoan sartu ziren. Abuztuaren hasieran, Donostia hartu ostean, probintziaren barrena abiatu ziren.
Aldundiaren aginduz, Soraluzen hiru konpainia eratu ziren apirilean. Abuztuan, frantsesak zetozelakoan, arma biltegiak hustu eta armagileek ihes egin zuten. 10ean Julian de Churrucak, Mutrikuko alkatea, 800 gizonekin arma bila etorri zen baina, ezer ez topatzerakoan, 18an Altzolako arma biltegiak hustu zituen, ordurako frantsesen esku zirenak. |
1795 | Errepublikarrak Soraluzen |
Ingurunea. Negua pasata, errepublikarrek soldadu berriak ekarri zituzten eta, Debarroaan tirabira batzuren ostean, uztailak 12an erasora pasa ziren. Hurrengo egunetan Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabaz jabetu ostean, Miranda Ebron zeudela bakea sinatu zen, uztailak 22an. Abuztuak 17 hartu zuten frantsesek etxerako bidea.
Maiatzak 9an Marbot jeneralak Muskiritsuko kanpaleku espainarra eraso egin zuen zuen, arrakasta osoz: 150 lagun hil eta 50 preso hartu zituzten. Ekainean Elosutik ere uxatu zituzten espainiarrak. |