Placencia izena (eu)

    Sorapediatik
    Jcao (eztabaida | ekarpenak)(r)en berrikusketa, ordua: 21:44, 28 iraila 2021
    (ezb) ←Berrikuspen zaharragoa | Oraingo berrikuspena ikusi (ezb) | Berrikuspen berriagoa→ (ezb)

    Izenaren jatorria

    Ezaguna da Plasencia hiribilduari Gaztelako Alfonso XI erregeak hiri-gutuna eman ziola, 1343. urtean hain zuzen. Gainera, nahiz eta hiri-gutun hori galduta egon, aipamen historikoei jarraituz uste izan da izena ere erregeak eman ziola: eta agindu zuen... egin zezatela Plasencia izeneko herria[1].

    1260. urteko Elgetako agiri batean Plasençia izena agertzen da[2], hiribildua sortu baino laurogei urte lehenago; baina Extremadurako Plasenciari dagokio, ez Soraluzeri.


    Ortografiaren bilakaera

    Aurreneko Plasençia-tik hasita, izena modu askotan idatzita izan da. 1700 urtetik aurrera Placencia moduan geratu arte (inoiz oraindik Plasencia agertzen zela), edota Placencia de las Armas. Euskaraz, XIX. mendean Juan Ignacio Iztuetak Plazenzia erabili zuen, eta XX. mendean Plaentzi, Plaentxi, Soraluze... erabili izan dira.

    Baina XVIII mende aurretik, eta ortografia finkatu artean, grafia asko aldatu da. Batez ere bi letra edo grafema (laugarrena eta zazpigarrena) "dantza" egin dute, idazlearen arabera s, z, c edo ç jarriz toki horietan. Hau da:

    P L A (s,z,c,ç) E N (s,z,c,ç) I A

    Placencia 1422. urtean agertzen da lehen aldiz, baina lehen mendeetan ez da asko agertzen (4 aldiz besterik ez).

    De las Armas berandu agertzen da, 1625. urtean (Plazenzia de las Armas). Gogoratu behar da berrogeitamar urte lehenago Soraluzeko Erret Lantegiak sortu zirela modu ofizialean, nahiz eta armagintzan askoz lehenagotik aritu.

    1700. urte artean gehien agertutako aldaerak bi dira: jatorrizko Plasençia (26 aldiz, %27a) eta Plasençia (38 aldiz, %40a).


    Euskal Onomastikaren Datutegia

    Azterketa hau ontzeko Euskaltzaindiak prestatu zuen Euskal Onomastikaren Datutegia[3] erabili izan da.

    Datutegi horren arabera, 1700. urte arteko herriaren izen agerpenak hauek izan dira:

    Izena Agerpenak XIII. mendea XIV. mendea XV. mendea XVI. mendea XVII. mendea
    Plasençia 26 1260 1343, 1390 1409 (2), 1415 (2), 1417 (2), 1451, 1463, 1493 (2) 1501, 1505, 1506 (2), 1507, 1509 (3), 1514 (2), 1516 (2), 1517
    Plaçencia 2 1379 1433
    Plasensia 1 1397
    Plazencia de Soraluce 5 1397 (3) 1562
    Plazençia 38 1397 1453, 1464, 1491, 1493 (6), 1498 1502, 1504, 1506 (4), 1509 (8), 1510, 1511, 1513 (3), 1514 (3), 1516, 1518 (2), 1520, 1562
    Plasencia 5 1415, 1489 1514 1625, 1638
    Plasencia de Marquina 1 1419
    Placencia 4 1422, 1466 (2) 1625
    Plazenzia 8 1452 (2) 1509 (5) 1625
    Plazençia de Soraluçe 1 1453
    Plazencia 4 1509 (3), 1562
    Plazenzia de las Armas 1 1625


    Erreferentziak

    1. "...ordenando... hizíessen esta población... a la que mandó llamar Plasencia". Los XL libros del Compendio historial de las chronicas y universal historia de todos los reynos de España. Esteban Garibai (Amberes, 1571).
    2. Archivo Municipal de Elgeta (1181-1520). María Rosa Aterbe & Javier Elorza (Donostia 2002).
    3. Euskal Onomastikaren Datutegia. Leku izenak. Soraluze. Euskaltzaindia.