Domingo de Zavala (eu)
Domingo de Zavala y Aranguren | |
---|---|
Jaio | Ordizia, 1607 |
Hil | Tolosa?, 1657 |
Profila | Kudeatzailea |
14.II.1657. Veedor, gobernador y superintendente de fábricas reales de armas.
Jaiotza
Domingo Zavala Aranguren eta Maria Ochoa Aramendiren semea zen. 1607ko apirilaren 2an bataiatu zuten Ordiziako Santa Maria parrokia-elizan.
Aitaren aldetik, haien arbasoak odolezko kapare edo nobleak ziren, Arangurengo oinetxekoak, Abalzisketan kokatuak; amaren aldetik ere kapareak ziren, Arramendiko etxe eta orubetik etorriak, Ordiziako harresietatik kanpo.
Osaba bat, Domingo Zavala, Ogasun kontseilaria izan zen.
Familia
Margarita Arteagarekin ezkondu zen Ordizian (1626/09/06), eta bi urte geroago (1628/08/29) belazio meza[1] egin zieten, Ordizian ere.
Hamar seme-alaba izan zituzten, horietako batzuk Soraluzen: Diego Antonio, Pedro Ignacio, Martin, Francisco Manuel (Baldeibarko arcedianoa), Joaquin Victor, Andres, Polonia Margarita (Alonso de Ereñozu kapitainarekin Soraluzen ezkondu zena), Catalina Juana, Francisca Dorotea eta Maria Josefa.
Ibilbide profesionala
1626.tik 1633.ra Gipuzkoako komisario nagusi izan zen, eta gerrako jendearen eta haien armategien joan-etorriez arduratu zen.
1638.an, Tolosako Erret Lantegietako behin-behineko gobernadore izendatu zuten.
Sei urte geroago, 1644.ko azaroaren 20an, Soraluzeko Erret Lantegietako behin-behineko superintendentea egin zuten. Hurrengo urtean, behin-betiko eman zizkioten gobernua eta superintendentzia.
Salaketak
Mendearen erdialdera, paper anonimo batzuk bidali zioten erregeari, superintendentearen jarduketagatik kexu: haren jarduerak kalte egiten ziela errege zerbitzuari eta fabriken eta bere langileen administrazio onari.
Honen ondorioz, 1656an Felipe IV.ak Gipuzkoako korregidorea zen Lope de los Ríos y Guzmán jaunari zera agindu zion, Soraluzeko Erret Lantegiak bisitatzeko eta, beharbada, salaketak egiaztatzeko.
Korregidoreak 46 hutsegite topa zituen Zavalaren jardueran. Diru publikoaz jabetu izana leporatzen zion; funts publikoak beste helburu batzuetarako desbideratu izana; arma-probak egiteko erabiltzen zen bolbora partikularrei saltzea; armek arauzko neurriak zituztela ez egiaztatzea; errege-biltegien zati bat bere ohiko etxebizitzara bideratzea, lantegietako ofizialen opariak eta eskupekoak jasotzea...
Heriotza
1657.ko otsailak 17an, korrejidorea salaketak biltzen ari zen bitartean, hil egin zen Tolosan.
Orduan, Diego Antonio seme zaharrena izendatu zuten Soraluzeko Erret Lantegierako superintendentea... nahiz eta aitak honenbeste hutsefite egin izana. Agian, zerikusia izango zuen Francisca Dorotea, arreba txikia, José de Recalde y Ubilla jaunarekin ezkonduta egotea, Erret Lantegietako orduko gobernadorea.
Erreferentziak
- Domingo de Zavala y Aranguren. Ricardo Gómez Rivero (Espainiako Real Academia de la Historia).
- ↑ Belazio meza ezkontza ostean egiten zen, ezkonberriak bedeinkatzeko. Garestia zenez, aberatsendako bakarrik egiten zuten.