1718.ko matxinada (eu)

    Sorapediatik
    Beste matxinadak ikusteko, sakatu hemen


    Sorrera

    1714 urtean Felipe V Borboikoak Espainiako Ondorengotza Gerra irabazi zuen, Espainako koroa eskuratuz.

    Gerra luzea izan zen (1700-1714), eta erregeak dirua behar zuen. Horregatik, besteak beste, 1717 urtean aduanak Gaztelako mugetara (hau da, itsas ertzera eta Frantziako mugetara) eraman zituen, euskal probintzien zerga sistema (eta ekonomia) irauliz: batzuentzat komenigarria zenak (Gaztelan saltzeko zergak desagertu ziren) besteentzako kaltea zekarren (atzerriko garia zergapetu zuten, adibidez).

    Gariaren prezioak gora egingo zuelakoan, lehen matxinada[1] (edo aduanetako matxinada) Bizkaian lehertu zen, 1718ko abuztuan nekazariek zerga-bitzaile bat Bilbon hil zutenean. Matxinoek ziotenez, lege berria foruen kontrakoa zen, eta Bizkaiko agintariak ez ziren legeari aurka egiten ari. Alkateak, diputatuak… preso hartu zituzten eta, inoiz, hil ere.

    Matxinada Soraluzen

    Matxinada Bizkaia osora zabaldu ostean, Gipuzkoara ere heldu zen. Lehen istiluak Elgoibarren izan ziren, urriak 11an. Lau egun geroago, urriak 15ean, Bergaran ehun bat gizon armatuak bildu ziren, baina alkateak baretzea lortu zuen.

    Azaroaren hasieran,aldiz, Elgeta, Arrasate eta Leintz bailaratik heldutako nekazariak Bergarara bildu eta bertako etxe batzuk erre ostean, alkatea behartu zuten Bizkaiko ahaldun nagusiak sinatutako dekretuen antzekoak sinatzera.

    Bergarako Udalak Soraluzekoa istilu hauetaz jakinaren gainean jarri zuen, eta matxinoak bertara joateko asmoa zutela[2]. 1718.ko azaroak 6an, goiz goizetik, hirurehun bat gizon armatu abiatu ziren Bergara eta Elgetatik Soraluzeruntz, jende eta arma gehiagoren bila

    Behin Soraluzen, alkateari “eskatu” zioten Probintzia eta foruen alde laguntzeko. Azkenean herriak hirurogei laguneko saldoa antolatu zuen eta, etorritakoekin batera, Eibar eta Elgoibarrera pasa ziren.

    Suzko Armen Erret Fabriketako gremioek bertan behera utzi zuten erregearentzako beren lanak (langile faltagatik? kobratzeko arazoak aurrikusiz?) eta matxinada bukatu artean ez ziren lanera itzuli.

    Bukaera

    1719 urte bukaeran Felipe Vak bertan behera utzi zuen 1717ko legea, aduanak itsas-ertzera ekarri zituena, eta zerga-muga Ebro aldean jarri zen atzera.

    Hiru izan ziren arrazoiak. Lehenik eta behin, lau euskal lurraldeek erakutsitako kontrako jarrera irmoa, foruen kontrakoa zelako; gainera, 1719ko udan Frantziako gudaroste bat, Berwick-eko duke frantsesak gidatuta, lau probintziaz jabetu izana[3]; eta, azkenik, aduana berritan jasotako zergak uste izandakoak baino askoz txikiagoak izatea.


    Erreferentziak

    1. lehen matxinada. Wikipedia (euskaraz).
    2. “...asmoa dute Soraluzera jeisteko, bertako arma eta polboraz jabetzeko." El guipuzcoano instruido. Domingo Ignacio de Eraña (Donostia 1780).
    3. Lauko Aliantzaren Gerra. Italiako lurrak berriro lortzeko, Felipe Vak Britainia Handia, Frantzia, Austria eta Herbeheretako Errepublikaren kontra hasi zuen gerra… eta galdu!