Basil Zaharoff (eu)

    Sorapediatik
    Basil Zaharoff
    Mark Webster Jenkinson.jpg
    Jaio Muğla, 1849
    Hil Niza, 1936
    Profila Arma saltzailea


    Inoiz izan den arma salerosle garrantsitzuena, XIX-XX mendean aritu zena. Ezizenez, "heriotzaren merkataria" eta "Europako gizon misteriotsua" esaten zioten.

    Soraluzerekin izan zituen harremanak ez ziren nolanahikoak. Lehenik eta behin, bera izan zen tratularia Nordenfelt Guns and Ammunition Company enpresa ingelesak La Euscalduna erosi zuenean. Gero, Madrilen zeuzkan harreman eta eroskeri sareak erabili zituen, Compañia Anónima Placencia de las Armas enpresak urtero urtero kontratu zuzenak lortzeko, enkante publikotik pasa gabe. Azkenik, Nordenfelt eta Vickers bat egin zutenean eta bera zuzendari postura heldu zenean, The Placencia de las Armas Company Limited ere kudeatu zuen.


    Bizitza

    Turkiar Inperioan jaioa (Muğla, 1849), Vasil Zaharyas izenarekin. Gerora Zacharias Basileios bilakatu zen, eta azkenean Basil Zaharoff izena hartu zuen.

    Gaztea zela Turkiatik Greziara pasa eta, kasualitatez, arma saleroskeran hasi zen, Nordenfelt etxerako lehen eta Vickers-erako gero. Garai hartan Balkanetan ez zegoen girorik, eta herri guztiak ahalmden arma modernoenak nahi zituzten, bada ezpada ere. Basil Zaharoff karrera oparoa egin zuen denetik saltzen zuela: fusilak, kainoiak, urazpikoak… horretarako beharrezko liskarrak sortzen edo hauspotzen, eta "eskupeko" oparoak erabiliz. "Zaharoff sistema" esaten zitzaion.

    Balkanetan bakarrik ez: Erdiko Europan, Hego Amerikan, Italia eta Espainian. Azken honetan, lehen lanetako bat Nordenfelt-entzat bertako arma lantegia erostea izan zen: Soraluzeko, La Euscalduna. Beste lan bat Isaac Peral-en urpekaria saboteatzea izan zen, eta lortu zuen: nahiz eta azterketa guztiak gainditu, Espainiak Peral-en urpekaria alboratu zuen… Nordenfelt-enak erosteko.

    Urteekin Nordenfelt enpresa Maxim-Nordenfelt bihurtu zen, eta geroago Vickers-ek erosi zuen. Urte hauetan guztietan Basil Zaharoffek aurrera egin zuen, gero eta diru gehiago irabazten, %5 eta %10 arteko komisioak kobratzen zituela. Irabazi gehienak Vickers-eko akzioak erosteko erabili zituen, eta azkenean bertako jabe nagusia eta zuzendari bilakatu zen.

    Urrezko garaia Lehen Mundu Gerrarekin etorri zen, aliatuen hornitzaile nagusia bihurtu zenean. Dirua bakarrik ez, tituluak eta domina ugari eman zizkioten.

    Estatu Batuetan ezkondu zen, eta alargundu gero. Espainiako María del Pilar de Muguiro y Beruete andrea ezagutu zuenean (1894), berarekin zeharo maitemindu zen. Andra hau Francisco de Borbón Espainiako infante batekin ezkonduta izatea ez zen oztopoa elkarrekin bizi izateko. Senarra hil zenean ezkondu ziren (1924), baina Maria del Pilar 18 hilabeteetara hil zen.

    Azken urteak Frantziako "Côte d'Azur" delakoan eman zituen. Orduan ere Montecarloko kasinoa erosi zuen, gain beheran zegoena, eta aurrera atera zuen. 1936 urtean hil zen, Nizan.


    Saltzaile moduan, aparta izan zen: "eskupekoak", xantaiak, prentsa-kanpainak, sabotaiak… denetatik erabili izan zituen saltzeko. Herrialdeen arteko mesfidanfzak sortzen eta hazten zituen, bi aldeei armak saltzeko gero. Gerrak ere sortu omen zituela, negozioa hazteko.


    Soraluze: S.A. Euscaldunaren erosketa

    Armagintza sektorea oso delikatua izan da beti: inolako Gobernuk ez du nahi izan atzerriko enpresa baten menpe egoterik. Horregatik beti lehenetsi dituzte bertako produktuak.

    Munduan zehar saldu ahal izateko, multinazionalen joera bat izan da herriz herri enpresak erosi, eta haien bidez produktuak saldu. Nahiz eta gehienetan produktuak herrian bertan ekoitzi, irabaziak multinazionalak hurrupatzen zituen.

    Horregatik, Nordenfelt Guns and Ammunition Company enpresak Basil Zaharoff Espainiara bidali zuen, ganorazko arma lantegi bat begiz jotzeko. Orduko onenetakoa, Soraluzeko S.A. Euscalduna, bigarren karlistadaren ostean kili-kolo zegoen. Lantegiak kalte garrantzitsuak izan zituen, eta Estatuarengandik kalte-ordainak jasotzeko auziak porrotean bukatu zuten[1]. Eskaerak, gainera, behera egin zuten. Ondorioz, enpresari ezinezkoa izan zitzaion San Millángo markesaren familikoei urtekoak ordaintzea. Hauek epaitegitara jo zuten, eta 1886 urtean lantegia hipotekatua izan zen. Basil Zaharoff Soraluzeraino etorri zen lantegia bertatik bertara aztertzeko eta, ikusitakoa gustatu zaionez, erosketa gomendatu zuen.

    Orduan Nordenfelt Guns and Ammunition Company enpresak The Placencia de las Armas Company Limited sortu zuen, Londresen bertan. Eta Málagako Hijos de Manuel Agustín Heredia erabili zuen bitartekari S.A. Euscalduna lantegia erosteko. Izatez, ez ziren aste asko pasa azken honek The Placencia de las Armas Company Limited-eri Euscalduna lantegia saldu zion arte, 1886ean bertan.

    Hijos de Manuel Agustín Heredia enpresa Heredia Livermore familiakoa zen, eta sasoi hartako puntako politikoekin zegoen lotuta: Cánovas del Castillo, Romero Robledo, Francisco Silvela... denak Espainiako Ministro Kontseiluaren lehendakari izandakoak. Beraz, ulertzekoa da inork trabarik ez jartzea salerosketa honi, nahiz eta Nordenfeld-en akziodun nagusi bat, Maxim jauna, amerikarra izan; Kubako gerra aurretik informazio zehatza pasa omen zion Estatu Batuetako armadari.

    Modu honetan Nordenfelt enpresak Espainiako bere filiala lortu zuen, Soraluzen. Jabe berriek beharrezko tresneria eta makinaria ekarri zuten eta, zuzendaritza teknikoaz aritzeko, artilleriako bi ofizial kontratatu zuten: Arístides Fernández Fret (itsas armadakoa) eta Ignacio Gómez Cánovas (lurreko armadakoa).

    Soraluze: Kontratu zuzenak

    Eroskeria saihesteko, eta ahal zen erosketa hobeak eta merkeenak egiteko, Espainiako legeak estatua behartzen zuen erosketa garrantzitsuak enkante publikoen bidez egiteko.

    Baina… salbuespena baziren 1852eko otsailak 27ko errege-dekretuaren 10. artikuluan jasotzen zirenak.

    Eta hogei urte baino gehiagotan (1889-1910) Gerrako ministeritzak eta Marinako ministeritzak artikulu horretan agertzen den 10. salbuespenaz baliatu ziren Compañía Anónima Placencia de las Armas enpresari eskaera zuzenak egiteko, eta ez gutxi: ia 400 kainoi 20 urtetan, gehi osagarriak, muntaiak eta munizioak (milaka eta milaka proiektil). Eta honetaz gain, metrailadoreak eta beste arma txikiagoak.

    10 mm.-tako 15 kainoi Garcia Lomas sistemakoak, lehorreratzeko 75 mm.-tako 12 Vickers kainoi, kanpainarako 75 mm.-tako 20 Vickers kainoi, Marinarako 57 mm.-tako 166 Nordenfelt kainoi, plaza eta itsasetzeko 57 mm.-tako 16 Nordenfelt kainoi, kanpainarako 57 mm.-tako 16 Nordenfelt kainoi, kainonerako 57 mm.-tako 10 Nordenfelt kainoi, Marinarako 28 Nordenfelt kainoi, Marinarako 42 mm.-tako 8 Sarmiento kainoi, Marinarako 37 mm.-tako 72 Maxim kainoi automatiko, 14 Hontoria kainoi...

    Eta zergatik arrakasta hau? Gogoratu behar da ordurako Basil Zaharoff María del Pilar de Muguiro y Beruete andrearekin bazebilela (gerora ezkondu ziren), eta andre hau bazen inor: Espainiako infante baten emaztea, Alderdi Kontserbadorearen senatore eta puntako politiko baten alaba, Segismundo Moreten iloba (Alderdi Liberalaren burua eta lehen ministroa)... Madrilgo Kortean antolatua zuen sarearekin, eta eskupekoekin, kontratu guzti horiek lortu zituen.

    Kontrakoak ere izan zituen: erosteko prozedurak zuzenak ez zirela, eta saldutako material guztia lehen mailakoa ez zela (Kubako gerran ikusi zenez) Marinako ofizial juridiko batek Gobernua salatu zuen, eta ehundaka ofizialen babesa lortu. Alferrik. Zaharoffen eragina urrutira heltzen zen, eta salatari guztiak Marinatik botatzea lortu zuen.


    Soraluze: Compañìa Anonima Placencia de las Armas-en zuzendaria

    Madrilgo bulegoan, zuze daria izan omen zen. Baina txiki geeatu zitzaion asuntua.



    Pelikula eta liburutan

    Nahiz eta izkutuan geratu nahi, Basil Zaharoff-en ospea aurki zabaldu zen, eta ez onerako!

    Hainbat liburu eta filmetan antzeko pertsonaiak agertu izan dira. Esateko, Belarri hautsia (1937) Tintin-en komikian Basil Bazaroff arma saltzailea agertzen da, eta Jumanji (1995) filmean ehiztaria Zaharoff-en oinarrituta dago.

    Bestetik, Orson Welles-en Mr. Arkadin (1955) filmak zein Gervasio Posadas-en El mercader de la muerte (2020) eleberria Basil Zaharoff-en bizitza dute ardatz.

    Erreferentziak

    1. Errege Kontseilua: epaiak. 25.000 arma kobratzekoa (1878/06/07) eta gerra kalte-ordainak jasotzekoa (1880/11/10).