Udala. Foru garaia (1499-1695) (eu)
Hasiera batean, herri bakoitzak bere kudeaketa sistema zuen. Herri artean nahikoa antzekoak, baina elkarren desberdinak ziren, herri bakoitzaren egoerari egokituak: jarduerak, historia, botere guneak...
Sistema hauek biltzeko ordenantzak idazten ziren, gero eta osoagoak mendeetan zehar.
1499 urteko ordenantzak
Soraluzek gordetzen dituen ordenantza zaharrenak dira. Bertan aipatzen denez, udala osatzeko sistema aspalditik omen zetorren.
Udala osatzeko alkatea eta tenientea aipatzen dira (segururena partaide gehiago izango ziren) eta 30 urtetik gorako gizonek hartzen zuten parte.
Alkatea urtero aukeratzen zuten, San Migel egunean (irailak 29an). Zortzi hautagai izaten ziren, lau kaletar eta lau baserritar. Gizonak denak, 30 eta 60 urte artekoak.
San Migel egunean Udal orokorra biltzen zen. Joan zen urteko hautagai ohiek izen bana proposatzen zuten, eta aldi berean zin egiten zutela persona egokienak zirela. Hautagai bakoitzaren izena bere paperean idatzi, eta zortzi paperak lurrera botatzen ziren. Ume batek paper bat hartu eta alkateari ematen zion. Honek ozenean irakurtzen zuen alkate berriaren izena, hurrengo hamabi hilabeteetan alkate izango zena.
Alkate berriak izendapena onartzen ez bazuen, 10.000 marabediko izuna ordaindu behar zuen, eta beste zazpi hautagaien artean aukeratzen zen alkatea. Dena dela, inork alkatea izateko ezintasuna bazuen, San Migel baino 30 egun lehenago alkateari adierazi behar zion.
Urte bateko hautagaiek ezin zuten hautagai izan hurrengo hiru urteetan. Alkateak, berriz, hamar urteko epean libre zegoen.
1695ko ordenantzak
Berrehun urte geroago
1746eko errolda eta hautesle-zentsoa
1746 urtean udal kudeatzaileak hauek ziren: Juan Tomás de Solarte (alkatea), Bartolomé de Beristain (tenientea), Ventura de Armendia (sindiko-prokuradorea), Manuel de Mendiola (erregidorea) eta José de Arzamendi (erregidorea).
Urte hartan Agustín de Azcarate eskribauak Soraluzeko errolda osatu zuen (gizon helduen errolda, hain zuzen). Bost taldetan bereizi zituen biztanleak: milarista kapare kaletarrak, baserriko milarista kapareak, kaletar kapare EZ milarista, baserritar kapare EZ milarista eta gainontzeko biztanleak.
Mota | Kaletarrak | Baserrietakoak | Guztira | |
---|---|---|---|---|
Milaristak | 25 | 21 | 46 | 14% |
Ez milaristak | 112 | 50 | 162 | 51% |
Kanpotarrak | 111 | 111 | 35% | |
Guztira | 248 | 71 | 319 | 100% |
Errolda azterketa
Errolda honetan badira hainbat puntu nabarmentzen direnak.
Alde batetik, "kanpotarren" kopuru altua. Hau da, kapare ez zirenak edo, behintzat, Soraluzen bere kaparetasuna aitortua ez zutenak. 111 gizon dira, guztien %35a. Soraluze herri industriala izanik, eta XVIII mendea ekonomikoki oso oparoa izan zenez... etorkin asko etorri ziren. Gehienek, euskaldunak izatez, kaparetasuna frogatzeko aukera garbia zuten, baina prozesuak zekarren kostuak ez zuen merezi, milaristak ez baziren behintzat.
Herriko biztanleen artean kaletarrak %77a da, oso kopuru altua inguruko herriekin alderatzen badugu. Honen atzean arrazoi bikoitza dago; alde batetik, Soraluzeko lurrak nekazaritzarako oso egokiak ez izatea, eta bestetik industriak betidanik izan duen indarra. Milaristen (etxejabeen) artean, berriz, banaketa askoz orekatuagoa dago: 25 eta 21.
Kaletarren artean, eta kanpotarrak kontutan hartu barik, gehienak jende arrunta ziren, milaristak (etxejabeak) %20ra heltzen ez zirela. Baserritarrei erreparatzen badiegu, guztira 71 gizon agertzen dira (Soraluzeko baserri kopuruaren gertu), baina hoietatk bi herenak ez ziren milaristak, maizterrak baizik.
Hautesle zentsoa
Erroldan agertzen ez diren andreek, eta 30 urte beherako gizonek, ez zuten udalkideak izateko eskubiderik.
Errolda honen arabera, 319 lagunetatik %35k (111) ez zuten udalkideak izateko eskubiderik, "kanpotarrak" zirelako (ez ziren kapareak).
Beste %51k (162) ere ez zuten udalkideak izateko eskubiderik, milarista (etxejabeak) ez zirelako.
Azken finean, hautatuak edota hautatzeko eskubideak zutenak 46 lagunek zuten (kapare milaristak), besterik ez: 25 kaletar eta baserrietako 21.
Beraz, erregimen zaharreko "euskal foru demokrazia" hartan gizonen %14ak besterik ez zuten parte hartzeko eskubidea. 18-30 urte beherakoak eta emakumeak kontutan hartzen baditugu, udalkideak %5 inguruan egon zitekeen.
Erreferentziak
- Soraluze-Placencia de las Armas. Monografía histórica. Ramiro Larrañaga (Sorlauzeko Udala 1993)