Igarate (eu)

    Sorapediatik

    Kokapena

    Deba ibaia eta Sagar-erreka bat egiten duten puntuari esaten zaio.

    Izen berak adieraz lezake igarobidea zela, Maltzagarako bidean, alegia.

    (Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)

    Mapa kargatzen...


    Historia[1]

    Inguru honetan, Igarate baserriaz gain, barrena, errota eta Sagar-erreka zeharkatzeko bi pontoi ziren.

    Barrena hau Eitzako lurretan, beheko aldean, arkabuz eta moskete kainoien barrena zaarra deiturikoa izango zen, XVII mendeko agirietan agertzen dena. Honetaz gain baziren inguruan beste barrenak: barrena nagusia Olabarrenan eta beste bat Barrena baserrian.

    XVIII mende bukaeran, Bergara-Altzola errepide berria zabaltzerakoan, zubia eraiki zuten Igarate pasatzeko, bi arkuduna. Oraindik ikus daitezke Deba ibaiaren aldetik.

    XIX mende bukaeran The Placencia de las Armas Company Limited enpresak "zuzendariaren etxea" izenekoa eraiki zuen bertan, zubiaren ondoan hain zuen, Sagar-errekaren gainean. Bertan bizi izan zen, besteak beste, Francisco Menendez Polo jauna, Paco Vargas, Colon vizcaino liburuaren egilea.

    Etxearen atzekaldean, Sagar-errekaren ondoan, metal ura zuen iturria zegoen; osasunentzako oso ona omen zen.

    Orbea zentralaren presa Igarate baino pixkat beherago zegoen, eta Igarate aldean ur azal ederra zegoen. Arrantzarako oso aproposa izaten zen, ibaiertzetatik edota txanela hartuta.

    Presa baino metro batzuk beherago, 1950ko hamarkadan, herriko zabortegia jarri zuten. Zabor-kamioiak bertara gerturatzen ziren, atzera ibaiaruntz egin, kutxa jaso eta zaborra ibaira botatzen zuten. Egoera honek 1973 urtera arte iraun zuen, Sagarragako zabortegia zabaldu zuten arte.


    XX mende bukaerako aldaketak

    1970 urtetik aurrera ingurua goitik behera aldatu zen.

    1970 urtean Orbeako zentrala saldu zuten, Enbalajes Ansola ezartzeko. Urte batzuk geroago presa bota zuten, eta zabortegiaren azken aztarnak desagertarazi.

    1975 urtean, Deba ibaiaren bestekaldean Mendiola industrialdea eraiki zuten.

    1970 hamarkadaren bukaeran "zuzendariaren etxea" ere bota zuten. Arrazoia, haren parean istripu bat baino gehiago jazo izana, errepidea bertan estutzen zenelako.

    Baina Igarate zeharo desitxuratu zuena saihesbidea izan zen (1985), erdi-erditik pasarazi zutelako, eta bertan egin zutelako iparraldeko lotunea. Iturria orduan desagertu zen. Eta pare bat urte geroago (1987), ufal batean, Sagar-errekako urek dena lehertu zuten: bide berria egin behar izan zioten errepide azpitik.

    Azkenik, 2009 urtean erlaitza eraiki zuten Sagar-errekako aspaldiko zubiaren gainean, autobusak eta kamioiak erosoago buelta emateko.


    Irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Erreferentziak