Deba ibaia. Arrantza tresnak (eu)

    Sorapediatik

    Hemen azalduko diren arrantza teknikak kasu askotan ezin ziren erabili, jada debekatuak zeuden garai haietan, eta gaur egun guztiz debekatuak egongo lirateke, txinga edo harresixa adibidez. Atal honen helburua, beraz, ez da erabilgarriak diren arrantza teknikak azaltzea, baizik eta, gure herrian erabili diren arantza teknikak eta honi loturiko jakintza eta kultura gordetzea baizik.


    Kañia

    Teknika arruntena zen, kanabera, tantza (pita) eta amuarekin arrantzatzen zen, amuzki bezala lurreko txitxarea erabiltzen zen, baita oskoldun kanutiloa ere. Bestalde, artirinezko edo ogizko bola bat ere erabiltzen zen amuzki bezala. Amuarrainak eta barboak arrantzen ziren gehienbat.


    Eskirola

    Sare bat izaten zen inbutu formarekin, makila luze bati lotuta. Sakoneradun tokietan arrantzatzeko balio zuen. Askotan, ufala zegoenean, ura pilatuta gelditzen zen tokietan murgiltzen zuten tramankulua, bertan arrainak gotortzen baitziren. Edozein espezie arrantza zitekeen, baina normalki arrain txikiak harrapatzen ziren, ezkailuak eta loinak batez ere.


    Botilia

    Beirazko botilak erabiltzen ziren, ipurdia barrurantz sartuta zutenak, Botilaren ahoa itxita, zulo bat egiten zieten ipurdian. Botilaren sarrerak inbutu forma hartzen zuen, honela, arrainak erraz sartzen ziren baina gero ezin ziren irten. Botilaren barruan artirina edo ogia sartzen zuten arrainak bertara sartu zintezen. Normalki ezkailuak harrapatzeko erabiltzen zen.


    Txingia edo remanga

    Poltsa formadun sare bat izan ohi zen, soka bati lotuta, tamaina nahiko handia zuen eta ur sakonetan erabiltzen zen. Edozein espezie arrantza zitekeen baina normalki, ezkailuak eta loinak harrapatzen ziren.


    Amua

    Palangre ere deitzen zaio teknika honi, itsasoan ere oso erabilia da. Soka luze bati, metroka beste pita motzago bat lotzen zaio eta bertan amua jartzen da bere amuzkiarekin, honela amu ugari jarri daitezke muntai berdinean. Normalki egun osoa eduki ohi zuten uretan eta eguna argitu aurretik batu bihar izaten ziren. Normalki aingirak arrantzeko erabiltzen zen.


    Butroia eta abusa

    Butroia, sarearekin eta egurrezko aro batzuekin eraikitzen zen, inbutu zurrun bat egiten zuten, arrainak erraz sartzen ziren bertan, baian behin barruan zeudela ezin ziren irten. Artirina erabiltzen zuten arraina butroi barrura erakartzeko. Abusa, butroi formako eta tamaina handiko zumezko tramankulua zen. Teknika honek espezie guztietako arrainak arrantzatzeko balio zuen eta eraginkortasun handia zuen.

    Butroiak eta abusak ongi egiteko artisautza eta teknika ezagutza beharrezkoa zen, ezagutza hauek, belaunaldiz belaunaldi transmititzen ziren. Baliteke, Soraluzen, butroigintzan aritutako azkenetakoa Margarita Azcarate Ganuza izatea (1897-1978).


    Eskuz

    Murgilean sartu eta urpean igeri eginez, zulo eta harri handien azpietan bilatzen ziren arrainak. Ia edozein espezie harrapa zitekeen eskuz, baina batez ere amuarrainen eta aingiren bila ibiltzen ziren, baita karramarroak ere.


    Esparbela

    Forma borobila duen sarea zen, sare hau jaurti egiten zen arrainak ikusten diren tokira. Sareak hertzean berunak zituen ondora joan zedin arrainak harrapatzeko. Sakonera gutxiko uretan erabiltzen zen, arrantzalea oin hutsik uretan sartzen zen arrainak ikaratu gabe eta ondoren sarea gainean botatzen zien. Txaneletik ere erabili daiteke.


    Harresixa

    Harriak pilatuz, hesiak sortzen zituzten, ura desbideratzeko eta honela arrainak ere nahi zituzten tokietara eramateko.


    Txinga

    Txinga sare bat zen, karratu luze itxurakoa. Ibaian alderik alde jartzen zen edo ibaian gora oinez igotzen zen sarea zabalik zutela. Teknika hau, debekatua zegoen kasu askotan, edozein espezie eta tamainako arrainak harrapatzen zirelako, sarraski handiak sortuz.


    Erreferentziak