Txorromorro (eu)

    Sorapediatik
    Izena/k Txorromorro, saltaborrachos
    Tokia Plaza Barria, Plaza Zaharra, Eliz ataria, eskolak...
    Materiala Ez da behar
    Adina 5 urtetik aurrera
    Partaideak 3tik aurrera


    Talde jolas hau zaharra da Euskal Herrian eta kanpoan.

    Txorromorro, ama hormaren kontra dagoela

    Hasiera

    Nahiz eta 3tik aurrera jolastu daitekeen, zenbat eta lagun gehiago izan hobe.

    Lehendabizi ama bat aukeratu behar da, eta ondoren bi taldeburuak.

    Taldeburuek taldeak osatzen dituzte. Horretarako, biotako bat lehenesten da, gehienetan oinetara: bizpahiru metrotara jarri eta, txandaka, oin bat bestearen aurrean jartzen dute; bere txanda helduta bestea zapaltzen duena irabazten du.

    Garaileak hasita, taldekideak banaka hautatzen dituzte.

    Garailearen taldea libre izango da lehengo jokaldian, eta lehia galdu duen taldea paga.


    Arauak

    Jokaldia hasteko, ama harmaila, eskailera edo banku baten jarri behar (inoiz zutik) eta paga taldeko partaide bat, makurtuta, amaren hanka tartean bere burua sartuko du. Paga diren gainontzeko jokalariak, ilaran eta makurtuta lehengoaren hanka tartean sartuko dute burua eta eskuekin izterretatik edota mokorretatik helduko diote.

    Pagen ilara prest dagoenean, libre daudenak banan banan, paga direnen gainean salto egin beharko dute taldekide guztiak pagen gainean geratu arte.

    Salto egiten dutenek ezin dute alboetara edo atzera erori, ezta hankak azpikoen azpian sartu. Salatzeko, pagak "cruzao!" hots egiten zuten. Hau gertatuz gero libre dagoen taldea paga izatera pasako da.

    Bestalde, paga taldeko inork ukatx egiten badu[1], hau da, pisuari ezin eutsita lurrera erortzen bada, jokaldia berriro hasiko da.

    Bi taktika erabiltzen ziren. Denak kabitu egiteko, salto egiten zuten lehenak arinenak izaten ziren, ahal zen leku gehien uzteko gainontzekoei. Bestetik, partaide handienak paga ahulenaren gainean jauzi egiten saiatzen ziren, pisuarekin honek ukatx egiteko.


    Bukaera

    Behin libre guztiak paga gainean igota, ilarako lehengo libreak keinu bat egingo dio amari atzamar batekin eta azpian dagoen lehen pagak asmatu egin beharko du ikusi gabe. Atzamar bakoitzak izen berezia dauka: txorro da erpurua, morro erakuslea eta besteak jarraian, piko, tailo eta ke.

    Pagak asmatzen badu, rolak aldatu egingo dira eta paga zirenak libre izatera pasako dira. Eta ez badu asmatzen jokaldia berriz hasiko da.

    Inoiz, asmatzea errazagoa izateko, 3 hatz bakarrik erabiltzen dira: txorro, morro eta piko.


    Erreferentziak

    1. Ukatx egin. Gehiago ezinean nahiz zeharo nekaturik erori.