Bilakaera urbanistikoa. Hastapenak (eu)

    Sorapediatik
    Adi! Artikulu hau oraindik osatu barik dago.
    
    Osatzeko informazioa edo materiala baldin badaukazu, animatu eta aurrera!
    
    Bilakaera urbanistiko osoa ikusteko, Bilakaera urbanistikoa (eu)

    Gainontzeko herri eta hirien moduan, Soraluze sortzerakoan bertako inguru naturala zein ordurako gizakiak egindakoak erabakigarri izan ziren: ibai eta errekak, bideak, existitzen ziren eraikinak...

    Erromatarrak: galtzada eta ibia

    Kristo aurreko I mendean erromatarrek Soraluze inguruaz jabetu ziren. Hurrengo mendeetan Kortazar mendigainean defentsa lerro bat antolatu zuten[1].

    Kortazar mendia oso puntu estrategikoan zegoen, Iruña-Veleiatik[2] itsas-ertzerako galtzadaren gainean: Iruña-Veleiatik irten, eta Kruzeta mendilepoa zeharkatuz Aramaio bailaratik Arrasate ingurura heltzen zen, Garagartza auzoan mansio edo etapa bat zegoela; handik Deba ibaia jarraitzen Debaraino heltzen zen, Tritium Tiboricum[3] porturaino (gaur eguneko Astigarribia).

    Galtzada Soraluzera iristen zen ibaiaren ezkerraldetik, gaur egunean zubi nagusia dagoen tokiraino. Bertan ibaia zabaltzen denez[4], ibia zegoen, bestekaldera zeharkarzeko aproposa.

    Behin bestekaldean, ibaiaren eskumaldetik, galtzada San Roketik gora egiten zuen Elgoibar eta Debaruntz.

    Ibi hau Garagartza eta Astigarribiaren erdibidean dagoenez, hau da, etapa baten erdian, oso litekeena da inguruan herrixka bat sortzea, etorkizuneko Soraluze.


    Ertaroa: erregebideak

    Hurrengo mendeetan erromatar galtzada erabiltzen jarraitu zuten, Gasteiz eta Gaztelatik itsasoraino. Gainera, berriak sortu ziren, Soraluzeko ibia bidegunea bihurtuz.

    Alde batetik, Bizkaia alderako bidea zegoen. Ibia zeharkatu barik aurrera jarraitzen zuen; Sagar-errekara heltzerakoan mendian gora egiten zuen Irureraino, etka handik Azitainera jeisten zen.

    Bigarren bidea Azkoitirakoa zen. Ibia zeharkatuz gero, ezkerrera jo beharrean, mendian gora egiten zuen San Andresetik Pagobedeinkaturaino, era handik Azkoitira Azkarate mendilepotik.


    Ertaroa: kontrolguneak

    Bideetan aurrera era atzera zebiltzan jendea era merkatariak kontrolatzeko (eta zergak kobratzeko) hainbat kontrolgune zeuden Soraluze inguruan.

    Erregebide nagusian, itsas-ertzeea zihoanean, garrantzitsuena Arregia dorrea zen. Harkaitz baten aurrean eraikita, bidea dorrea eta harkaitzaren artean pasatzen zen eta, beraz, kontrola ezin errazagoa zen.

    Beste puntu bat Atxuri etxea izan zitekeen, ibaiaren beste aldean. Aurrekoaren moduan, hau ere harkaitz baten aurrean eraiki zen (Haitz zuri > Atx zuri > Atxuri).

    Duda gehiago daude Gazteluarekin[5]. Ibiaren gainean dagoenez, pentsatzekoa da berau gorderzeko sortu zutela. Hala ere, ez da inolako agiritan agertzen, eta ez da aztarna zaharrik gordetzen.

    Azkenik, XII mendean Nafarroako erregeak bere lengusua bidali zuen Soraluzera, Iruren, etxea egiteko; modu honetan Eibarrerako bidea kontrolpean izango zuen.


    Ertaroa: etxe multzoak

    Honetaz gain, inguruan bizi zen jendea zegoen. Etxeak bi ibiren inguruan bildu ziren.

    Alde batetik ibai nagusiaren (Ibaizabal) ibiaren eskumaldean, bailara zabaltzen den tokian, soro luzea osatuz: Soraluze.

    Eta bestetik Erlei errekaren ibiaren inguruan: Herlaibia. Dena dela, Herlaibiako biztanleak sakabanatuagoak egongo ziren Soraluzekoak baino, hiri-gutunean eremua berbaz azaltzen da etap.


    Ertaroa: Soraluzeko monastegia

    Azkenik, Soraluzeko monastegia aipatu behar da.

    Nahiz eta abade eta praileak mende batzuk lehenago agertu, agiri zaharretan agertzen den lehen aipamena 1267 urtekoa da.

    Monastegiko eliza gaur eguneko parrokia dagoen tokian zegoen, baina gainontzeko eraikinen arrastorik ez da geratzen.


    1343: hiri gutuna

    Gehiago jakiteko, Bilakaera urbanistikoa. Hiri gutuna (eu)

    1343 urtean, Algecirasen setioan zela, Gaztelako Alfonso XIk Placencia sortzeko hiri gutuna eman zuen. Bertan Soraluzeko eta Herlaibiako biztanleei hiribildua sortzeko agintzen zien, bere harresi eta elizarekin.

    Beste toki askotan moduan, herri berria lauki formarekin egin zuten. Bi kalek zeharkatzen zuten lau etxe multzo utziz. Etxe hauen zabalera 6 kanatan zegoen arautua. Beheko solairua harrizkoa izaten zen, eta lehen pisua egur eta adreiluz egindakoa.

    Hiribilduak harresia eta ateak zituen; arrasto bakarra agiri zaharretan geratu da. Nahiz eta erregeak halaxe agindu, ez zuten eliza berririk egin, aurretik zegoena aprobetxatu zutelako (Soraluzeko monastegiarena).


    Erreferentziak

    1. Kortazar mendiko erromatar aztarnak.
    2. Iruña-Veleia. Wikipedia (euskaraz)
    3. Tritium Tiboricum. Wikipedia (euskaraz)
    4. Ibaizabal esaten zitzaion inguruari.
    5. El castillo.