Vickers 40/40 kañoia (eu)

    Sorapediatik

    Errepublika garaian eraikitako kruzero astunak hornitzekoak egin ziren. Gerra garaian oso istorio gorabeheratsuak izan zituzten.

    Vickers 40/40 kañoia San Fernandoko Mariñelen Heziketa Kuartelean (Tomás Mendizabal 2009)

    Ezaugarriak

    Pisua baterian 2953 kg.
    Kañoia (kalibrea) 40 mm.
    Tutu luzeera 2000 mm
    Sektore horizontala 360º
    Sektore bertikala -5º-tatik 85º-tara
    Jaurtigai pisua 900 g.
    Zorroaren pisua 1.386 mm
    Hasierako abiada 720 m/s
    Tiro erritmoa 60 tiro minutuko
    Gorako gehienezko irismena 4.475 m


    Irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Debako hondartzan probatan (1936)

    Historia

    Eskaera

    Primo de Rivera aginte denboran, Espainiako Itsas Armada indartzeko Cornejo plana izenekoa sortu zuten. 1926/07/09an Washington motako hiru kruzero astunen eraikuntza agindu zuten: Baleares, Canarias eta Ferrol izenekoak, puntako teknologia militarraren erakusle. Lehengo biak 1932 urtean uretaratu zuten, baina hirugarrena ez zen inoiz eraiki.

    Hurrengo urteetan itsasontziak bukatzeari ekin zioten. Zortzina kainoi antiaereo izan behar zituzten, Vickers 40/40 hain zuzen. Kainoi automatiko bikoitzak ziren, zintazko elikadura zutenak. Beraz, zortzi muntai bikoitz guztira (itsasontziko lau = zortzi kainoi).

    Kontratua Compañía Anónima de Placencia de las Armas enpresari eman zioten, 1.386.389 pesetatan.

    Gerra artekoak

    Gerra sortu zenerako, 1936ko uztailean, lau muntai bikoitz probatan zeuden. Beste lauak, berriz, oraindik muntai fasean, piza asko oraindik falta zitzaiela[1].

    Dena dela, probatan ziren kainoiek oraindik aldaketa behar zuten automatikoki tiro egin ahal izateko, erauzketa tutuko malgukian hain zuzen: tiroak banan banan egin behar ziren. Gainera, oraindik ez zuten jaurtigaia esleituta; eta beraz, tiro-taulak osatu gabe zeuden eta platerak zein deriba-erregelak graduatu gabe zeuden oraindik.

    Hau da, egoera hartan kainoien eragina hutsaren hurrengoa zen. Zuzendaritzakoek (Rafael Hernández komandantearea, José Sirvent injeniaria...) bazeukaten arazoaren berri, eta konpontzeko modua ezagutu ere. Baina gerra hasi zenean ez zuten ezer aurreratu.

    Kainoien bukaera eta erabilera

    Gerra sortu zenean kainoiak erabiltzea erabaki zuten. Horretarako, uztailak 21ean 4. muntaia, 7. eta 8. kainoiak zituena, Mercedez Benz kamioian zamatu zuten Donostiara eramateko, baina Bergarara helduta iluntzean Eibarrera itzuli zen[2]. Biharamunean 4. muntaia Eibartik Lasartera eraman zuten. Muntai hau Beasain inguruan erabili izan zuten, uztailak 28an.

    Uztailak 23an 3. muntaia, 5. eta 6. kainoiak zituena, Eibarra eraman zuten. Eta abuztuak 13an 1. muntaia Eibarra eraman zuten, Gerrako Komisaldegian emateko. Honek Lasartera bidali zuen. Abuztuak 18an, berriz, Eibarko Gerra Komisaldegitik agindua etorri zen 2. muntaia, 3. eta 4. kainoiak zituena, Trubiara bidaltzeko: gaueko 11etan irten zen.

    Abuztuak 23an muntaien bat Gudamendin (Donostian) zegoen. Eta 29an Soraluzera 4. muntaia ekarri zuten atzera, matxura bat zuela eta. Behin konponduta, Bilbora eraman zuten.

    Irailak 10ean SAPAko komiteak laburpena prestatu zuen lanen hustuketa egiteko. Vickers 40/40 kainoiei dagokienez, bertan bereizten dira bi multzo; alde batetik, lau muntai bikoitzak eman zituztela, nahiz eta txukun ibiltzeko hainbat egokitzapena egin behar ziren; beste lau muntai bikoitzak berriz, nahiz eta mekanismoak aurreratuta egon, muntaiak oso atzeratuta zeuden, kanpainako piezen seaska eta bereskuratzaileei lehentasuna eman zitzaielako.

    Azkenik, Bilboko Gerra Komisaldegiaren aginduz, irailak 20 eta 21ean SAPAtik ahal zen material guztia atera zuten, Sestaoko Navalera (SECN = Sociedad Española de Construcción Naval) eramateko. Horien artean, besteak beste, Vickers 40/40 kainoien azken 4 muntaiak.

    1936 urrian hainbat pieza falta ziren kainoiak muntatu ahal izateko, errodamendu bereziak (boladunak zein arraboldunak) edota berreskuratzailearen malgukiak. Kanpotik ekarri behar zirenez, gerra garaian zailagoa zen. Gainera, falta ziren lan mekanikoak ondo egiteko Sestaon zegoen makinariak ez zuen doitasun nahikorik[3].

    Kainoiak nazionalen esku

    Dena dela, uste da 7 kainoi bukatu zirela guztira, lehenago edo beranduago nazionalen eskuetan erori zirenak:

    • Bi Libano (Bizkaia) inguruan, 1937/05/20an.
    • Beste bat Reinosan (Kantabria), 1937/08/15ean, bertako SECN lantegia hartu zutenean.
    • Beste lau Gijónen (Asturias), 1937ko urrian[4].

    Lau muntai bikoitz Ferroleko itsas basean ezarri zuten (bi Campelon eta bi Priorren), berau babesteko[5].

    Erreferentziak

    1. José Sirvent Dargent-en S-2872 paper-sorta, Segoviako Artxibategi Militar Orokorra.
    2. Sabino Arana Fundazioa (Euskal nazionalismoaren artxibategia). Euskadiko gatazka militarra 1936-37. Mobilizatutako industriak GE,K.00040,C.10.
    3. José Sirvent Dargent-en S-2872 paper-sorta, Segoviako Artxibategi Militar Orokorra.
    4. Historia de la Artillería Antiaérea Española – La máquina y la historia nº16, Manrique García, José María; Molina Franco, Lucas y Mortera Pérez, Artemio (Quirón Ediciones 1998).
    5. La Artillería en la Guerra Civil Española – La máquina y la historia nº15, Mortera, Artemio e Infiesta, José Luis (Quirón Ediciones, 1999).