«Jose Gaspar Oregi (eu)»: berrikuspenen arteko aldeak

    Sorapediatik
    No edit summary
    No edit summary
    53. lerroa: 53. lerroa:
    Adierazpen eta eskutitzez gain, liburuen muina zera da, euskera zela Jaungoikoak Adan era Ebari irakatsitako hizkunfza, eta Babelgo torrearen anabasa baino lehen munduko hizkuntza bakarra izan zela.
    Adierazpen eta eskutitzez gain, liburuen muina zera da, euskera zela Jaungoikoak Adan era Ebari irakatsitako hizkunfza, eta Babelgo torrearen anabasa baino lehen munduko hizkuntza bakarra izan zela.


    ===Harpidetzak==
    ===Harpidetzak===
    Sasoian liburu "tekniko" asko harpidetzaren bidez saltzen ziren<ref>Gaur egun ''crowdfounding'' esango zitzaion,</ref> eta, argitalpen lanak ahalbidetuaz gain, sistemak aditu zein zaleen arteko harremanak sortzeko balio zuen.
    Sasoian liburu "tekniko" asko harpidetzaren bidez saltzen ziren<ref>Gaur egun ''crowdfounding'' esango zitzaion,</ref> eta, argitalpen lanak ahalbidetuaz gain, sistemak aditu zein zaleen arteko harremanak sortzeko balio zuen.



    10:09, 27 abendua 2021(e)ko berrikuspena

    Jose Gaspar Oregi Aranburu
    Argazkirik ez.jpg
    Jaio Soraluze, 1840
    Hil Donostia, 1916tik aurrera
    Profila Abadea, euskalzalea


    Jose Gaspar Oregi Aranburu, abade eta euskalzalea, Euskal Herrian sortu zen lehen Euskal Katedraren titularra izan zen (Donostia 1886-1899).


    Donostiarako bidea

    Jose Antonio Arana Martija euskalzale eta historialariak galdetzen zuenez[1]: Nor zen Gipuzkoan euskararen irakaskuntzarekin arduratu zen apaiz hau? Soraluzen jaioa omen zen, 1840an, Jose Gaspar Oregi Aranburu jauna.

    Eta halaxe zen: Jose Gaspar Oregi Aranburu Soraluzen jaio zen, Soraluzen 1840/01/09an. Baina bataio agirian amaren abizena Aramberri agertzen da, eta hortik Jose Antonio Arana Martijaren "Soraluzen jaioa omen zen".

    Jose Gasparren gurasoak Emeterio Oregui Zabaleta eta Martina Ygnacia Aramburu Bereciartu izan ziren. Soraluzen ezkondu (1828) eta zortzi seme-alaba izan zituzten, sei mutil eta neska bi: Esteban Maria (1829), Manuel Maria (1831), Francisco Xavier (1837), Jose Gaspar (1840), José Ygnacio (1842), Domingo Maria (1844) eta, azkenik, Francisca eta Fermina bikiak (1847). Horietatik hiru Oregui Aramberri agertzen dira bataio agirietan.

    Jose Gaspar 1866.ean apaiztu zen, eta Donostiara bidali zuten. Bere bost anaiak eta arreba bat oso gazte hil ziren, eta Donostiara eraman zituen gurasoak eta beste arreba. Gurasoak Donostian hil ziren (1885 eta 1887), eta Polloeko kanposantuan hobiratuta daude.


    Olerkaria

    Olerkiak

    Euskal-Erria: revista bascongadan zortzi olerti zituen, 1882.etik 1891.era. Hizkuntza aldetik oso artifizialak dira, neologismoz beteak:

    • Iparraguirre-ri (Euskal-Erria 1884).
    • Zeruko giltza (Euskal-Erria: revista bascongada 1888).
    • Nere amari 1885-garreneko San Jose egunean (Euskal-Erria: revista bascongada 1888).
    • Donostiako gorputzdi edo obide santuko obizkira bat (Euskal-Erria: revista bascongada 1888).
    • Aita Santu Leon XIII-garrenari, bere Urrezko Eztayetan (Euskal-Erria: revista bascongada 1888).
    • Animen egunerako oroimengarria (Euskal-Erria: revista bascongada 1889).
    • Laudagarrizko on Klaudio Otaegi zanari (Euskal-Erria: revista bascongada 1890).
    • On Marcelino Soroa jaun nere adiskiderik onen onenetakoari 1890-ko Urtarillaren biko bere santu-egun oroigarriyan (Euskal-Erria: revista bascongada 1890).

    Bertsoak

    Bertso gutxi batzuk ere idatzi zituen. Bi bertso-paper gordetzen dira:

    • 1888 garren urteco... Erregiñ txit maitagarriari Donostian (Tolosa 1888). Maria Cristina erreginari aurkeztekoa.
    • Ama Birjiñaren zeruetarako igoera eta gure Erregiñaren jaiera (Tolosa 1889).

    Biak ala biak gaztelaniazko itzulpena dakarte.


    Euskarazalea

    Artikuluak

    Bi artikulu gordetzen dira, bata berba batzuen jatorria (etimologia) azaltzen eta bestea Resurreccion Maria Azkueri esker oneko eskutitz publikoa:

    Liburuak

    Euskararen aldeko hainbat eskutiz publiko eta adierazpen idatzi zituen. Azken urteetan, bi liburutan jaso zituen:

    Adierazpen eta eskutitzez gain, liburuen muina zera da, euskera zela Jaungoikoak Adan era Ebari irakatsitako hizkunfza, eta Babelgo torrearen anabasa baino lehen munduko hizkuntza bakarra izan zela.

    Harpidetzak

    Sasoian liburu "tekniko" asko harpidetzaren bidez saltzen ziren[2] eta, argitalpen lanak ahalbidetuaz gain, sistemak aditu zein zaleen arteko harremanak sortzeko balio zuen.

    JOose Gaspar Oregi hainbat liburu erosi zituen modu honetan. Esateko, Arturo Campiónen Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskera (1884) liburura harpidetutakoen artean agertzen da[3].

    Hogei urte geroago Resurreccion Maria Azkueren Diccionario Vasco-Español-Francés / Dictionnaire basque-espagnol-français[4] (1905) modu berean eskuratu zuen.


    Harremanak

    Garaiko hainbat euskalzalerekin harremanetan ibili zen, horietako bat Edward Spencer Dodgson[5]. Honek olerki bat zuzdu zion, Donostiako gorputzdi edo obide santuko obizkira bat, gero Inscriptions basques : Neuskarazko Scributoak / (Publiées par Edward Spencer Dodgson) izeneko bere liburuan sartu zuela (Madril 1896).

    Resurreccion Maria Azkuerekin[6] ere izan zituen harremanak eta lankide zirenez Bizkaiko eta Gipuzkoako euskal katedretan, Euskal Izkindea igorri zion bizkaitarrak 1891.eko irailaren 26an.

    Euskal Erria aldizkarian bi lan eskaini zizkioten, gutxienez: Lapurtarren euskeraz berso batzuk Oregiko Jose Gaspar Donostian dagoen apez iaunari donkituak eta On Jose Gaspar Oregi-ko euskera izkuntzen maisu argidotar jakintsu eta adiskide onenen onenetako jaunari.

    Ikastola sortzaile

    Ikastolen aitzindaria ere izan zen: 1884. urtean ikastola antzeko bat sortzen ahalegindu omen zen, Donostian, baina aurrekari honek ez zuen arrakastarik izan. Ezagutzen den lehen saiakera da.

    Eragilea

    Ez bakarrik gauza handitan, gauza txikietan ere eragina izan zuen. Adibidez, 1888. urtean esaldi hau osatzen lagundu zuen Polloeko kanposantuko hilobi batean jartzeko:

    JAUNARENGANUNTZ ABIA-BANAIZ OGUEI TA IRU URTEKIN,
    ANAI ARREBAC AMA GAJOA ARREN EZ AZTU NIREKIN
    IRASTORZA TA TAPIA ZIRAN NERE DEITURA BICOITZA,
    YZENA BERRIZ RUPERTA ETA YLL NINTZAN ILLA MAYATZA 1888.

    Etimologia-zalea

    Sasoiko euskaltzale askoren moduan, euskara "garbia" nahi zuen, erderakadarik gabekoa. Honek bultzatu zuen hainbat berba asmatzera, euskararen "barne-arauak" jarraituz. Irizpide honek gidatu zuen etimologia aldetik.

    1882. urtean Etimologías bascongadas argitaratu zuen Euskal-Erria: revista bascongadan.

    Edward Spencer Dogdsonek Euskara. Organ fur die Interessen der Baskischen Gesellschaft aldizkarian idatzi zuenez, Iberi eta Pyrenaei berbandako ipar erroa proposatu zion Jose Gaspar Oregiri, baina honek erpina nahiago zuela erantzun[7].

    Edward Spencer Dogdson berak jaso zuenez, Donostiako bizargile baten atarian "bizartegia eta ille-apainketa" zegoen jarrita, eta Jose Gaspar Oregiri egundoko disparatea iritzi zitzaion: Bizar-ken-degui eta ille-apain-degui[8]; bere aldetik, Dodgsonek eransten du: "Arrazoia du. Baina XIX.ko euskara askotan basatia eta bitxia da"[9].


    Euskara katedraduna

    Euskal katedren sorrera

    Bigarren karlistadaren porrotaren ostean euskararen aldeko hainbat talde eta ekintza sortu ziren: Asociación Euskera de Navarra elkartea (1877-1883), Fermín Herrán arabarrak bultzatutako Revista de las Provincias Euskeras (1878-1879) aldizkaria, José de Manterola zuzendutako Euskal-Erria: revista bascongada (1880-1918), Fidel Sagarminagaren inguruan bildutako talde bilbotarra…

    Aldi berean, euskal literatura eta ikasketak modu sakon eta serioagoan landu ziren: José de Manterolaren Cancionero Vasco" (1877-1880) eta Arturo Campiónen Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskera (1884)...

    Bilborako hautagaia

    Eszenategi honetan, Aldundiek Euskal Katedrak sortzea erabaki zuten. Lehen ahalegina Bizkaian egin zen, 1882.ean, Bilboko Ikastetxe Politeknikoan, eta Jose Gaspar Oregi hautatu zuten horrerarako. Halaxe jasotzen zuen Euskal-erria aldizkariak:

    Datorren ikasturtean, Juan Agustin de Goya jaunak Bilbon zuzentzen duen ikastetxe politeknikoan euskararen lehen katedra zabalduko da; eta, gure berrien arabera, Jose Gaspar de Oregui euskalzale ezagunaren ardurapean.

    Berria Ameriketara ere heldu zen. Montevideoko Laurac-bat aldizkariak zioenez:

    Euskaldun on guztien gogo sutsua egitear dago. Bilboko Ikastetxe Politeknikoan euskararen katedra bat ezartzeaz ari naiz, Jose Gaspar de Oregui abade ilustratuaren eskutik. Gotzainak Oregui jaunari Bilbon bizitzen jartzeko baimena ematea baino ez da falta[10].

    Baina azkenean Bilboko izendapena ez zen gauzatu, eta Jose Gaspar de Oregui katedra barik geratu zen.

    Gasteizerako saiakera

    1884. urterako, berriz, Arabako Aldundiak sortua zuen Euskara Katedra Gasteizko institutuan, baina katedratikoa izendatu gabe zegoen oraindik. Eta Jose Gaspar de Oreguik idatzia aurkeztu zuen, katedratiko izendapena beretzat eskatuz.

    Eskaera Arabako Aldundiko bilerara heldu zen, eta 1884.eko azaroak 11an atzera bota zuten, Fomento Ministerioak ez zuela oraindik aipatutako katedra onartu eta.

    Donostian katedraduna

    Bi urte geroago, 1886.eko ekainaren 7an, Gipuzkoako Aldundiak lehen euskal katedra sortu zuen Donostiako institutuan[11], urteko 1.500 pezetako soldatarekin[12]. Eta atzetik beste Aldundiak; Bizkaiakoak, esateko, hiru sortu zituen: probintziako institutuan, maistren Eskola Normalean eta Barakaldoko Arte eta Ofizioen Eskolan.

    Gipuzkoako Aldundiak lehiaketa zabaldu zuenean pertsona bakarra aurkeztu zen, Jose Gaspar Oregi Aranburu, eta katedraduna izendatu zuten[13].

    Dakigunetik, katedra lortu ondoren eta 1887-1888 lehen ikastaroari ekin baino lehen, Maria Cristina erreginari euskarazko klaseak ematen dihardu zuen urte hartako udan (1887).

    Katedraren ikasleak 1886-1891 (AGAPCAE)

    1886-1887 ikasturtean, berria zelako edo, 38 ikasle izan zituen. Baina Jose Gaspar Oregik ez zuen asmatu ikasleak erakartzen: erabiltzen zuen irakasteko metodoa eta irakasten zuen euskara motagatik (bere lagun Azkueren Bizkaierazko Gramatika erabiltzen zuen) hurrengo urtean ikasle kopuru erdia baino gutxiago izan zuen, eta urteekin kopurua oraindik gehiago jaitsi zen.

    Honetaz saminduta, Jose Gasparrek halaxe idatzi zion Azkueri 1891.ean:

    Nire, ai!, Donosti dontsu onetan Euskarak duan baño ikasle geiago ez izatea ezin geiagoraino mingarri bazait ere, zeñi erakutsi daukadan bitartean, gure ikastegi onetako argijariorik onena paregabeko zure Izkinde bikan au izango zaigu.

    Azkenean, eta arrakasta faltarengatik, 1899.ean Gipuzkoako Aldundiak bertan behera utzi zuen katedra.


    Azken urteak

    1889. urtean, gutxi gora behera, berak eta arrebak zeukaten guztia eman zuten Artzai Ona eliza altzatzeko: 87.790 erreal.

    Gerora, parrokia horretan aritu zen presbitero. 1905.eko Gasteizko Gida Eklesiastikoan halaxe agertzen da, eta bost urte geroago bertan jarraitzen zuen (1910).

    1916. urtean bizirik zen oraindik, ordukoa da A Roma a los pies pontificios de Benedicto XV eta.

    Hiltzerakoan gurasoak zeuden hilobian lurperatu zuten, Polloeko Santa Klara kaleko 39an hain zuzen.


    Erreferentziak

    1. Euskal Katedraren lehiaketa eta eragina. Jose Antonio Arana Martija (Euskera XXXIII 361-378 orr. 1988/07/01).
    2. Gaur egun crowdfounding esango zitzaion,
    3. Jose Gaspar Donostiako harpidedunen artean agertzen da; Soraluzen, berriz, bost harpidedun izan ziren: Agustin M. Sustaeta, Pantaleon Zavala, Bernardo Zubizarreta, Anacleto Gaztaundi eta Manuel Casimiro Lecumberri.
    4. [https://eu.m.wikipedia.org/wiki/Diccionario_Vasco-Espa%C3%B1ol-Franc%C3%A9s_/_Dictionnaire_basque-espagnol-fran%C3%A7ais Diccionario Vasco-Español-Francés / Dictionnaire basque-espagnol-français]. Wikipedia (euskaraz).
    5. Edward Spencer Dodgson. Wikipedia (euskaraz).
    6. Resurreccion Maria Azkue. Wikipedia (euskaraz).
    7. Denetik... Gaspar Oregiri proposatu nionean ipar Iberi eta Pyrenaei hitzen errotzat, azken honentzat erpina nahiago zuela erantzun zidan, metatesi argiagoa zuelako. Se non é vero é ben trovato (Berlin 1893).
    8. Sur la devanture d'une boutique 'de barbier; 3 San Geronimo: BIZARTEGIA TA ILLE-APAINKETA... (El profesor D. Josè Gaspar de Oregi dice: "Es de Arzac y disparatadamente! en lugar de Bizar-ken-degi eta ille-apain-tegi).
    9. Il a raison. Mais le basque du XIX siècle est souvent barbare et bizarre.
    10. Laurac-Bat. Revista de la socidad vascongada de Montevideo (1882/10/16).
    11. Euskal Erria aldizkaria (213. zbk. 1886/06/10).
    12. Ez zen oso soldata altua, Bizkaiako Institutuaren katedradun "arruntek" 3.500 pezera kobratzen zuten eta.
    13. Euskal Erria aldizkaria (1886/09/20).