«1766.ko matxinada (eu)»: berrikuspenen arteko aldeak
No edit summary |
No edit summary |
||
1. lerroa: | 1. lerroa: | ||
[[Fitxategi: Azkoitia._1766.eko_matxinadaren_jatorria.jpg | thumb | right | 400px | Azkoitia, matxinadaren abiapuntua]] | |||
::<small>Beste matxinadak ikusteko, sakatu [[Matxinadak (eu) | ''hemen'']]</small> | ::<small>Beste matxinadak ikusteko, sakatu [[Matxinadak (eu) | ''hemen'']]</small> | ||
23:28, 30 urria 2021(e)ko berrikuspena
- Beste matxinadak ikusteko, sakatu hemen
Sorrera
XVIII mendean (eta aurrekoetan) jaki askore salerosketak ez ziren libre; udalen esku zeuden, batez ere janari eta edariena: garia, okela, ardoa... Hau da, udalaren ardura zen produktu hauek inoren eskura jartzeko modu onean.
Baina udalabatza herritar aberatsen artean osatzen zen[1]. Eta hor zegoen kontraesana: aberatsek errentan kobratutako gariak ahal den garestien saldu nahi zituzten, baina udalkide ziren aldetik prezio apalak mantendu behar zituzten.
Europako hainbat ekonomistaren ideei jarraituz, 1765 urtean Carlos III erregeak gariaren liberalizazioa agindu zuen. Oinarrian liberalismo hasi berria zegoen: ekoizleek zegokien prezioa lortzeko, merkatu librean aritu behar ziren. Baina egoera ez zen egokiena: 1761 eta 1765 artean oso gari gutxi jaso zen Gaztela osoan, prezioa bikoiztuz; eta 1765 urteko uzta oso eskasa izan zen. Ondorioz, Espainia osoan 100 matxinada baino gehiago sortu ziren[2] (Madrilen bertan Esquilacheren matxinada ospetsua).
Gipuzkoako Aldundiak gari esportazioa debekatu zuen, baina portuetan aduanak ez zirenez, aberatsek itsasotik Gaztelara bidaltzen zuten. Gipuzkoan berez gari nahikorik egiten ez zenez, ondorioz Probintzian gosea zabaldu zen.
Azkoitian apirilaren 13an hasi zen matxinada, arratsaldeko ordu bi t'erditan[3], eta Azpeitiara pasa ziren geroago. Bi mila gizon ziren, eskopetaz eta makilaz armaturik, eta agintari eta aberatsak behartu zituzten "Azpeitiako kapitulazioak" sinatzera, gari hornikuntza bermatzeko eta prezioa apal mantentzeko asmoarekin. Biharamunean, Loiolako santutegian "Te Deum" abestu zuten, ospatzeko.
Hurrengo egunetan matxinada beste herri askotara zabaldu zen, tartean Donostiara. Agintariak eta aberatsak kezkatzen hasi ziren[4].
Bitartean Urolako matxinatuei gero eta jende gehiago bildu zitzaien, 7.000 gizoneko saldoa osatuz. Elgoibarrera hiru egun geroago (apirilak 16) heldu ziren matxinoak, eta jende gehiago batu zitzaien. Iluntzean Mutrikura pasa ziren, eta han Ondarru eta Berriatuko matxinoak bildu zitzien, 2.000 laguneko saldoa osatuz. Atzera Elgoibarrera zetozela, herriko agintariek lortu zuten matxino gehienek atzera egitea, agintariek lortuko zutela Bergarako eta Gasteizko merkatuetan moduko prezioa mantentzea gariarentzat. Azkenean 300 besterik ez ziren bueltatu Elgoibarrera. Eibarren ere matxinatu ziren, eta apirilak 20an bertako agintari eta handikiek "Eibarko kapitulazioak" sinatu zituzten, Azpeitikoen oso antzekoak.
Eta apirilak 21ean, goizeko 11etan, Bergararuntz irten ziren Elgoibarko matxinoak, Soraluzetik pasatuz.
Matxinada Soraluzen: bertsioak
Soraluzen gertatukoari buruzko bertsio oso desberdinak daude. Saiatuko gara denak aipatzen eta kontrajartzen.
Bertsio baten arabera[5], apirilaren 21ean Elgoibarren hainbat herritar bildu eta Bergarara oinez joatea erabaki zuten, matxinada han pizteko. Martxa horretan Altzola eta Mendaroko baserritarrei eskatu zitzaien agertzea, edo bestela isuna izango zutela. Guztira 300 bat gizoneko saldoa osatu zuten.
Bergarara bidean, Soraluzen gelditu ziren, matxinada pizteko asmoz. Baina bertan bazekiten helduko zirela, bergararrek esanda, eta beraz bolborarekin hartu zituzten[6]Batzuk, soraluzetarrak bildu ez zitzaiela ikusita, atzera egin zuten Elgoibarrera. Bergarara iritsi zirenak, berriz, bertan atxilotu zituzten.
Beste bertsio baten arabera[7], apirilaren 18an 600 gizon armatu baino gehiago joan ziren Bergararen aurka, Elgoibar, Alzola eta Mendarokoak. Soraluzetik igarotzean "hiribilduko eta Errege Fabrikako fusilak indarrez hartu eta gero 150 soraluzetar bildu zitzaien".
Bergaratarren irteera batek matxinatuak ihesean jarri zituen. 150 soraluzetarrak, aurretik alde eginda, bergaratarrei bildu zitzaien eta Antzuolako konpainia batekin iheslarien atzetik ibili ziren gaueko hamarrak eta hamaika artean. Espedizioa hurrengo goizeko ordu batean iritsi zen Placentziara, eta Gipuzkoako herri asko eta baita Araba eta Bizkaia ere libratu zituen[8].
Bada hirugarren bertsioa ere[9]. Apirilaren 22ko notario-akta baten arabera, hilaren 18ko arratsaldeko hiru eta erdiak aldera, Bergarara iritsi ziren Placenciako bi errejidore, "...parte ematera... Elgoibarko matxinoak Soraluzen zeudela, eta bertako zenbait bizilagun indarrez ekartzen zituztela, baina ziurtatzen zutela Placenciako bizilagunak zirela eta, nahiz eta armatuta etorri, bakean sartuko zirela eta ez zutela gauzatuko ez estortsiorik ezta liskarrik hiribildu honetan". Izan ere, soraluzetarrak modu baketsuan sartu ziren Bergaran, eta bertako plazan "lurrera bota zituzten beren armak eta bandera, hiribildu noble hau goraipatuz".
Eta laugarren bertsioaren arabera, Elgoibarko 300 bat baserritar 7.000 matxinoei bildu zitzaien, eta Soraluze eta Bergara erasotzen saiatu ziren, bi herrien etxeak eta Soraluzeko lantegia zein bolborategia erretzeko. Elgoibarko biztanleek matxinoei aurre egin zieten, Soraluzeko lantegiaren defentsan lagunduz. Bada agiri bat, José Parrón koronelak idatzia, matxinoek ez zituztela Soraluzeko lantegiak hartu, ez eta arma biltegiak hustu[10].
Dena dela, lau bertsio hauek ipuin interesatu besterik ez dira. Matxinada igaro ondoren, Gipuzkoako komandante nagusiak aurkitu zituen Bergarako jatorrizko kapitulazioak, "benetako moduan jarrita, Mutrikukoen lekualdaketa hitzartu baten oinean, hari atxikitzearen bidez". Hau da, Bergaran ere "Bergarako kapitulazioak" izan zirela, Mutriku edota Azpeitiaren moduan. Eta kapitulazio horiek, hain zuzen ere, erregidore batek, alkateordeak eta hiru elizgizon bergararrek sinatu zituzten. Gerora alkateak esan zuen "herri lasaitasuna lortzeko engainu trebea" izan zela[11].
Bukaera
Errepresio indarrak Donostiatik atera ziren, garaiko oligarkiak eta jauntxoek antolatuta: Donostiako, Errenteria eta Oiartzungo bolondresak, Irlandako errejimenduaren 300 gizonen laguntzaz. Geroago, Bergarako zein Arrasateko bolondresak ere batu zitzaien.
Apirilak 24an Azpeitiara heldu ziren, eta 174 preso hartu zituzten inguruan (75 Azpeitian, 25 Azkoitian eta 74 Loiolako santutegian, josulagunen oposizioaz). Astebete geroago, maiatzaren 1ean, Elgoibarrera iritsi zen armada. Hemendik bi dibisio atera zituen; bata Eibar eta Soraluzera, bestea Mutriku eta Debara. Eibarren maiatzak 10ean sartu ziren.
Aurreko matxinadek ez bezala, errepresio latza izan zuen 1766koak Gipuzkoan, batez ere Urola eta Deba arroetan[12].
Behin matxinada kontrolatuta, hainbat herritan soldaduak geratu ziren, Enparan diputatuak eskatu zuen moduan[13]: bi konpainia Tolosan, beste bi Ordizian, bi Bergaran, bat Elgoibarren, beste bat Eibarren eta Deban azkena.
Herri guztietan atxilotuak izan ziren, eta matxino askok alde egin behar izan zuen. Ondorengo epaiketetan, nahiz eta heriotza zigorrik ez izan, sententzia gogorrak jarri zituzten: isunez gain, deserriratzeak, kartzelaratzeak eta, inoiz, zigor fisikoak ere.
Eragina
- Gehiago jakiteko, sakatu Udala. Foru garaia (1766-1845) (eu)
Espainia guztian izandako matxinaden eraginez, 1766. urtean Carlos III erregeak auto acordado izenekoa atera zuen, udal batzarretan herritar arrunten ordezkariak sartzeko (1766/05/05).
Bi kargu berri sortu ziren, etxe-jabe ez ziren herritarren beharrei aurre egiteko: herri-diputatu[14] eta herri-sindiko[15] izenekoak. Hauek aukeratzeko herritar pobreek ere zuten eskumena, lehenengo aldiz aberatsen kanpo utziz hauteskunde bat. Soraluzeren kasuan bi herri-diputatuk eta herri-sindikoak izan ziren udalbatzaren partaide berriak.
Beste aldetik, 1767.an Jesusen Lagundia Espainiatik eta bere lurralde guztietatik kaleratu zuten. Erabiliko aitzakien artean, aurreko urtean Loiolako matxinatuei emandako laguntza.
Matxinada Soraluzen: historia "egokitzen"
Itxura guztien arabera, apirilak 18an Elgoibartik irten ziren 600 matxino (Elgoibarkoak, Altzolakoak eta Mendarokoak, azken hauetako asko/batzuk behartuta). Soraluzetik igarotzerakoan arma gehiago "hartu" zituzten eta beste 150 matxino soraluzetar batu zitzaien (asko/batzuk behartuta ere).
Bergarara heldu zirenean 700 bat ziren, eta bertako agintari eta jauntxoek behartu zituzten "Bergarako kapitulazioak" sinatzeko.
Matxinoak inguruaren jaun eta jabe izan ziren pare bat astetan. Espainiako gudarosteak eskualdeaz jabetu zenean, eta ondorio txarrak ekiditzeko, bakoitzak bere historia "egokitzen" hasi zen: Altzola, Mendaro eta Soraluzekoek behartuta eraman zituztela, Elgoibarkoek matxinoei aurre egin zietela, Soraluzekoek matxinoen taldea utzi zutela Bergarakoekin bat egiteko, Soraluzeko Udalak matxinoen berri eman ziela Bergarako Udalari, honek kapitulazioak "gezurretan" onartu zituela lasaitasun publikoa gordetzeko...
Erreferentziak
- ↑ Aukeratzeko eta aukeratua izateko etxe-jabea izan behar zen, "millarista". Gehiago jakiteko, sakatu Udala. Foru garaia (1695-1766) (eu).
- ↑ Laura Rodriguesen aburuz (The spanish riots of 1766, Past & Present, 117–146 orrialdeak, 1973) Espainia osoan 51 tokitan izan ziren matxinadak, eta Euskal Herrian 11tan: Agurain, Aramaiona, Arrasate, Azpeitia, Bilbao, Deba, Eibar, Elgoibar, Gasteiz, Mutriku eta Soraluzen.
- ↑ Azpeitiako epailearen arabera, prezioak ez ziren oso altuak baina, garia herritik ateratzen ari zirela ikusita, eta Madrilgo matxinadaren (Esquilacherena) arrakastaz jabetuta, herria ausartu zen oldartzera.
- ↑ Gipuzkoako diputatua zen Enparan jaunaren esanetan: "...zigorren bat ezinbestekoa da, iraultza luzatzen bada herria arrisku handian egongo da, baita Bizkaiako jaurgoa ere... Errejimendu bakarra dagoenez, Donostian eta Hondarribian erdibanatuta, ez dago baretzeko aukerarik..."
- ↑ Elgoibar, garai gatazkatsu baten kronika (1765-1825). Pello Arrieta & Javier Elorza (Elgoibarko Udala 2014).
- ↑ ”Dándoles un poco de pólvora sin balas” jatorrizko agirian.
- ↑ Emiliano Fernandez de Pinedok jasota.
- ↑ Azken zati hau bergaratarren bertsioa omen da, egiatik oso hurbil ez dabilela.
- ↑ Emiliano Fernandez de Pinedok jasota.
- ↑ "Certificado del coronel José Parrón, afirmando que la fábrica y almacenes de Placencia no habían sido saqueados". Archivo Histórico Nacional (Consejos. 533. paper-sorta, 1766/07/25).
- ↑ Emiliano Fernandez de Pinedok jasota.
- ↑ Errenteriako Udalak urte hartako eskutitza gordetzen du: "Carta del Diputado General de la Provincia manifestando su agradecimiento a la Villa por la cooperación que prestó en la persecución de los amotinados en las Villas de Azpeitia, Placencia, Vergara, Eibar y otras".
- ↑ ...infanteriako bi errejimendu banatu behar dira hainbat herritan, izua sartzeko, justiziak bere lana lasaitasunez betetzeko".
- ↑ Diputado del Común.
- ↑ Sindico Personero del Común.