«Estatu Batuetako independentzia gerra (eu)»: berrikuspenen arteko aldeak
No edit summary |
|||
46. lerroa: | 46. lerroa: | ||
[[Fitxategi: Santa_Maria_la_Real_parrokia._Ikuspegi_orokorra_(Florencio_Josepf_Lamot_1756).jpg | thumb | 300px | right | Soraluzeko udaletxea, | [[Fitxategi: Santa_Maria_la_Real_parrokia._Ikuspegi_orokorra_(Florencio_Josepf_Lamot_1756).jpg | thumb | 300px | right | Soraluzeko udaletxea, istiluen eszenategia <br> (Florencio J. Lamot 1756)]] | ||
==Soldadutzaren aurka== | ==Soldadutzaren aurka== |
23:31, 13 urria 2021(e)ko berrikuspena
Amerikako Gerra Iraultzailea
Britainia Handiak hainbat lurralde zuen ipar Amerikan, kolonietan antolatuta. Kolonia hauen inguruan indiarrak eta frantsesak aritzen ziren.
1763. urtean "frantsesen eta indiarren gerrak" sortu ziren. Britainia Handiak, frantsesak eta indiarrak gailendu eta gero, kolonia berriak eskuratu zituen, Kanada besteak beste. Baina gerra hori ordaintzeko zerga berriak ezarri zien koloniei, gehiegizkoak askoren ustez.
1772.ean zerga politika honen aurkako mugimendua hasi zen, eta 1774.ean errege funtzionarioak bota zituzten eta kolonia bakoitzak Biltzar Probintziala eratu zuen bere burua gobernatzeko (beti bretainiar inperioaren barruan). Eta Biltzar Probintzial hauek Lehen Kongresu Kontinentala osatu zuten.
Britainarrek ez zuten onartu eta kontra egin zien, indarrez. Orduan, hamairu koloniek Bigarren Kongresu Kontinentala eratu eta independentzia aldarrikatu zuten (1776/07/04). Aurretik borrokak izan baziren ere, orduan gerra formala sortu zen: Amerikako Gerra Iraultzailea (American Revolutionary War) edo Estatu Batuetako Independentzia Gerra.
Britainia Handiaren boterea ahultzeko asmoz, Espainia eta Frantzia matxinoak izkutuan laguntzen ari baziren ere, 1776. apiriletik aurrera laguntza hau biderkatu egin zen. Eta 1779.eko ekainean gerra deklaratu zioten Britainia Handiari, Holandarekin batera, borroka Atlantikoren beste aldera zabalduz.
Azkenean, 1783. urtean Bretainia Handiak amore eman zuen eta Versailleseko Ituna sinatu zuen, Ipar Amerikako Estatu Batuen independentzia onartuz.
Gardoki, Lafayette eta Soraluzeko armak
1787.ko udaberrian Filadelfian Batzar Konstituziogilea burutu ondoren, 1789ko apirilak 30ean George Washington presidente izendatu zuten, New Yorkeko Federal Hall aretoan. Ekitaldian bi atzerritarrek parte hartu zuten, ohorezko inbitatuak: Diego Maria Gardoki Arrikibar bilbotarrak eta Gilbert du Motier de La Fayette frantsesak, biak ala biak Soraluzerekin lotuta.
Diego Maria Gardoki Arrikibar (1735-1798) Joseph Gardoqui e hixos[1] enpresa bilbotarraren arduraduna zen, hamarkada batzuk aurretik Jose Gardoki bere aitak sortua. Merkatal enpresa honek Bretainia Handia eta Ipar Amerikako koloniekin lan egiten zuen, makailaua, tabakoa, burdina, garia salerosiz; gainera, bankariak izateaz gain itsasontzi asko zituen.
Joseph Gardoqui e hixos enpresa lehen momentutik hasi zen matxinoak laguntzen. Massachussets-eko ordezkariak, Elbridge Gerry eta Jeremiah Lee, bertako Biltzar Probintzialeko partaideak ziren eta, beraz, matxinoak. 1774.ko bukaeran Jeremiah Leek Diego Gardokiri armak eta polbora lehen bailehen bidaltzeko eskatu zion. 1775.eko otsailak 15ean Gardokik 300 moskete bere baionetekin eta 600 pistola pare agindu zizkion; polbora jiratzeko arazo gehiago izango zuela, gobernuak kudeatzen zuen eta.
Arma hauek Soraluzen eskatu zituen, eta handik Nueva Orleans-era bidali (orduan Espainiakoa zen), gero Misissipiren barrena matxinoen eskuetara helarazteko. Hau izan zen Amerikako Iraultzak jasotako atzerriko lehen laguntza.
Arma eskaera honen ostean beste batzuk etorri ziren, eta Gardokik Soraluzeko Erret Lantegira bideratzen zituen. Solaskideak ere aldatu ziren: Kongresu Kontinentalaren izenean Arthur Lee eta John Jay aritzen ziren zuzenean.
1776.ean Arthur Lee Parisa etorri zen laguntza bila, beste bi lagunekin (horietako bat Benjamin Franklin ezaguna). Erregeak eta gobernuak ez zituen begi onez ikusten, baina jendea oso alde agertu zen. Horietako bat Gilbert du Motier de La Fayette (La Fayetteko markesa 1757-1834) izan zen.
Nahiz eta Frantziako gobernuak mila oztopo jarri, Bordelen itsasontzia erosi zuen eta izena aldatu zion: La Victoire[2]. Gerrarako prestatu zuen eta, izkutuan aritzeko, Pasaiara eraman. Hilabete egin zuen Pasaian, itsasontzia soldadu, ofizial eta armaz betetzen. Horregatik pentsatzekoa da hilabete honetan Soraluzetik pasako zela arma bila. Azkenean, Amerikaruntz irten zen (1777/04/27).
Ameriketako kolonia britaniarrak matxinatu zirenean, Espainiako gobernuak Britainia Handia ahultzeko aukera ikusi zuen. Baina gerran zuzenean parte hartu nahi ez zuenez, matxinatuak izkutuan laguntzea erabaki zuen, eta horretarako Joseph Gardoqui e hixos[3] enpresa bilbotarra erabili zuen.
1777. urtean bertan gobernuaren ordezkari batzuk Diego Gardokirekin bildu ziren, eta honen kontrabando sarea erabiltzea adostu zuten, amerikar matxinoei dirua, armak eta munizioa helarazteko. Jarraian, Diego Gardoki Soraluzera etorri zen eta Erret Lantegiari 11.000 zapata pare, 18.000 manta, 30.000 uniforme, 1.000 moskete eta polbora egiteko 200.000 libera kresal. Bildu eta gero, Bilbotik Ingalaterra Berrira bidali zituzten Elbridge Gerry-ren 6 itsasontzitan.
Bitartean, Gardoki armak eta bestelako hornidurak eskuratzen eta Ameriketara bialtzen jarraitzen zuen. Espainiak, Britainia Handiarekin gerran hasi eta gero, 11.000 soldadu bidali zituen Cadizetik Habanara (1780.eko apirilean), Bernardo de Galvezen agindupean britaniarreei ekiteko Mexikoko golkoan, Floridan eta Luisianan. Berriro ere, Gardokik lortu zituen gizon guzti hauek hornitzeko armak; Soraluzen, noski.
Honetaz gain, eta bere ondasunetik, John Jayren bidez 265.000 peso[4] eman zizkien matxinoei.
Diego Gardoki berak azpimarratu zuenez, Joseph Gardoqui e hixos etxeak guztira "brontzezko 215 kainoi, 30.000 moskete, 30.000 baioneta, mosketeentzako 51.304 bala, 300.000 libera polbora, 12.868 granada, 30.000 uniforme eta 4.000 kanpadenda" lortu, bildu, Amerikaraino itsasontziz eraman eta gudaroste matxinoari eman zizkion, dena izkutuan. Dirua Espainiak aurreratu zuen, mailegu gisa. 946.906 erreal.
Mosketeak (eta pistolak) Soraluzen egindakoak ziren, eta baionetak segururena Tolosan. Polbora zati handi bat ere Soraluzerik desbideratuko zuten, "saioak" egiteko zelakoan. Honetaz gain, Soraluzen 11.000 zapata pare, 18.000 izara eta 30.000 uniforme egin omen ziren[5].
Soldadutzaren aurka
Arestian esan moduan, 1779.eko ekainean Espainiako Karlos III. erregeak gerra deklaratu zion Britainia Handiari. Britaniarrek Gipuzkoako portuak erasoko zituztela, Aldundiak haien defentsa antolatzen hasi zen, beharrezko mutil eta gizonak deituz.
Soraluzen, 1779ko urriak 5an Josef Ygnacio de Yraola alkatea hasi zen bertako soldaduak biltzen, herriko konpainia osatzeko. Handik bi egunetara, urriak 7an, Erret Lantegien diputatuek idatziz eskatu zioten Udalari armagileak bete lantokietan lagatzeko, erregearentzako armak jo ta sua egiten ari zirela eta. Soraluzeko Udalak Aldundiaren eskutan laga zuen azken erabakia... aurretik aldeko epaia eman zuela jakinean. Azkenean, korrejidoreak berretsi zuen aurretik esandakoa, hau da, armagileak bakean uzteko eta soldadu gisa ez eramateko eta, beraz, soldaduak armagintzan aritzen ez zirenen artean biltzeko.
Hauetako bat Manuel Antonio de Larreategui eskribaua zen, herriko eskribau bakarra; eta honetaz gain Caracasko Gipuzkoar Errege Konpainiaren ordezkaria (arma asentista edo kontratistarena, alegia). Soldadu moduan joatea nahi ez zuenez, alkateari eskatu zion berarekin salbuespena egiteko, armak ekoizteko bere lana ezinbestekoa zela eta. Alkateak ez zuen onartu, eta urriak 5ean bertan eskutitza[6] bidali zuen Aldundira bere kasua azaltzeko.
Baina gutun horretan beste gauza batzuk ere kontatu zituen. Itxura denez, Udaletxean soldadugaiak bildu zituztenean zozketa egiteko, bertan zalaparta eta desordena[7] sortu ziren. Eta behin zozketa eginda, alkatea aretotik irten ostean, istiluak gero eta handiagoak egin ziren, eta eskribauari aukeratuen zerrenda kendu nahi izan zioten. Alkatea itzuli zenean Larrateguik jakinaren gainean jarri zuen, baina honek ez zion kasu handirik egin, eta ez zuen liskartiak zigortu nahi izan.
Soraluzetik irtendako soldaduak Debarroko gainontzekoekin bildu ziren Mutriku eta Debako portuak defendatzeko. Debakoek eskatu zuten artilleria ere eramateko bertara, ingelesek lurreratzea lortzen bazuten oso modu errazean helduko ziren Soraluzeko Erret Lantegietara, eta hango arma guztiez jabetu.
Erreferentziak
- ↑ Jose Gardoki eta semeak
- ↑ Garaipena.
- ↑ Jose Gardoki eta semeak
- ↑ Espainiako dolarrak esan zieten (Spanish Milled Dollars). Gero, dolar txanpon berriak egiterakoan hauen itxurekin egin zituzten.
- ↑ Liburu baten arabera janztekoak Soraluze eta Montpellier-en artean eskuratu zituzten.
- ↑ La nueva buena causa. San Sebastián y los guipuzcoanos entre la guerra de los Siete Años y la guerra de Independencia de Estados Unidos (1760-1782). Carlos Rilova Jericó (Boletín de estudios históricos sobre San Sebastián 50 2017)
- ↑ "...un alboroto y desorden..." jatorrizkoan.