Ana del Bosque (eu)

    Sorapediatik
    Ana del Bosque Arin
    Ana del Bosque. Erretratua.jpg
    Jaio Ampudia del Campo, 1924/07/05
    Hil Salamanca, 2024/10/01
    Profila Gerra umea, agronomia-injeniaria, itzultzailea


    Haurtzaroa

    Ana Ampudia de Campos (Palentzia) herrian jaio zen, 1924ko uztailaren 5ean. Urtebete zuela, Domingo eta Crescencia gurasoek herria atzean laga eta Soraluzera etorri ziren, anaia zaharrena eta Ana beraiekin hartuta.

    Naiz eta osasun makala izan, neskato indartsua eta zoriontsua izan zen. 1934. urtean hanka ebakintza egin behar zioten, baina urrian iraultzak eztanda egin zuen, Urriko Iraultza. Asturiasen indar handiz lehertu bazen ere, Euskal Herriko langileak ere nabarmendu ziren, batez ere Debarrokoak. Iraultzaren porrotaren ostekoak ez ziren goxoak izan, eta Domingo del Bosque lanetik bota zuten. Ondorioz, Anak beste urte pare batez itxaron behar izan zuen hankaren ebakuntza egiteko.

    "Apal bizi ginen", gogoratzen du Anak. Del Bosque Arin familiak ortu txikia, oiloak, txerritxoa... zuen, eta aurrera egiteko kakahueteak eta gozokiak saltzeko postu txikia jarri zuten. Eta bederatzi urteko Anak kalez kale kakahueteak saltzen laguntzen zuen.

    Ana irakurzalea zen, gazte-gaztetatik. Baina ez edozein irakurketa mota; 9 urterekin, esate baterako, Laneko seme-alabak[1] irakurri zuen. Zaletasuna etxetik zetorkion; izan ere, Del Bosquetarrak irakurle porrokatuak ziren.

    Agian horregatik, "Eskolan maisu-maistrek arreta handia jartzen zidaten" gogoratzen zuen Anak.

    Soraluzeko karlistak, erdi-erdian Serafin Achotegui


    Gerra

    36ko otsailean, Fronte Popularraren garaipenarekin, jakin zuen Ana del Bosquek azkenean operatua izan zitekeela. Urriko Iraultzan parte hartu zuten langileei zazpi hilabeteko ordainsaria eman zieten lanik gabe egondako hamalau hilabeteengatik. "Aitak zerua zabalik ikusi zuen", gogoratzen zuen Anak, baina oskarbi hark hilabete gutxi barru iraun zuen...

    Bilbon egin zioten ebakuntza, uztailak 18an hain zuzen, gerra hasi zen egunean bertan. Izebaren etxean aste batzuk geldirik egon ondoren, irailak 20an Ana Soraluzera itzuli zen. Baina ordurako erreketeak Bergaran zeuden, eta biharamunean alde egin behar izan zuen, familiarekin eta ehundaka herrikidekin batera.

    Del Bosque Arin familia Bilbora joan zen. Aurreko egunak txalet batean eman zituzten, beste familiekin batera. Eta gero, Doña Casildaren parkearen ondoko beste etxe batetara pasa zituzten.

    Bilboko egoera lazgarri hartan Del Bosque anai-arrebek prestakuntza jasotzen jarraitu zuten. Gizarte-laguntzako apartamentuetan, best ehaur batek, haiek baino pixkat zaharragoa, ematen zizkien eskolak.

    Hainbat etxebizitzetatik pasa ondoren, San Franzisko kalera eraman zituzten. Aire bonbardaketa baten aurrean aitak familia osoa kanpora aterarazi zuen. Bonbek etxea goitik bera suntzitu zuten.

    Familiaren etorkizunerako gertakari erabakigarria, azken batean, Bilboren aurkako erasoa izan zen. Harrezkero, Ana del Bosquek ezin izan du sirena bat entzun.



    Erreferentziak

    1. Los hijos del trabajo. Ricardo Sanz García, anarkista espainiarra (1898-1986).