José María Arizaga (eu)

    Sorapediatik
    José María Baltasar Arizaga Iribe
    Argazkirik ez.jpg
    Jaio Soraluze (1894/04/22)
    Hil
    Profila Irakasle, politikaria, sindikalista


    Gerra aurrekoak

    Lanbidez merkataritzako irakaslea izan zen, aseguruetan eta kontabilitate-antolaketan aditua.

    Argentinara emigratu zen, eta Zurich aseguru-etxeko inspektore buru izan zen. 1931n atxilotu zuten, Uriburu jeneralaren diktadura garaian.

    Espainiara itzuli zen, eta 1933an Eusko Abertzale Ekintzako kide izan zen, Gipuzkoako UGTko Sindicato de Oficios Varios elkartean sartu eta Sobietar Batasunaren Lagunen Elkartearen sorreran parte hartu zuen. Hurrengo urtean (1934) Nazioarteko Sorospen Gorriaren sortzen ere lagundu zuen.


    Gerra garaikoak (1936-1937)

    1936ko uztaileko estatu-kolpea gertatu zenean, Iruñean (Nafarroa) bizi zen.

    Abuztuak 7an, ihes egiterakoan, Elizondon atxilotu zuten eta Iruñeko San Kristobal gotorlekura eraman. Han egon zen hiru bat hilabetetan, urriak 25ean aske utzi zuten arte.

    Orduan Cadizera joan zen, emaztearen familiaren bizilekura.


    Gerra garaikoak (1937-1939)

    1937ko ekainak 5ean Gibraltarrera igarotzea lortu zuen. Eta sei egun beranduago Valentziara joan zen Ingalaterrako ontzi batean.

    Heltzerakoan preso hartu zuten eta espetxeratu, abuztuak 28an askatu zuten arte.

    1937ko irailean, Karabineroetan sartu zen, eta Garraioen Buruzagitza Nagusian jarraitu zuen 1938ko urtarrilera arte. 1938ko lehen seihilekoan Frantzian egon zen, Estatu Nagusi Zentraleko Informazio Zerbitzuko Batzorde bateko kide gisa. Urte horretako uztailean, Bartzelonara itzuli zen, Armamentuko Idazkariordetzan (Hornikuntza Zuzendaritzako 11. atala) zerbitzua emanez.

    1939ko urtarrilak 25ean Bartzelonatik alde egin eta otsailak 5ean Frantziako muga zeharkatu zuen.


    Gerra ostekoak

    Bordelen, Parisen eta beste hainbat herritan egon zen, azkenean Barcareseko kontzentrazio-esparruan sartu zuten arte.

    SEREk[1] antolatutako lehen bidaian 1939ko maiatzaren 24an Sêteko portuan Sinaia ontzian itsasoratu zen Mexikorantz. Hurrengo ekainaren 13an Veracruzera heldu zen eta hil horren 19an Mexiko DFra iritsi. Mexikon zela JAREren[2] laguntza jaso zuen.

    Ordutik aurrera ezer gutxi ezagutzen da bere bizitzaz. 1964 baino lehen behin baino gehiagotan Estatu Batuetara pasa zen, beti Texaseko Brownsville herrira hain zuzen. Mugan behin Jose Maria Baltazar Arizaga Iribe izen osoarekin erregistratu zuten, eta gainontzekoetan Jose Arizaga eta antzeko izenekin.


    Erreferentziak

    1. SERE. Servicio de Evacuación de Refugiados Españoles.
    2. JARE. Junta de Auxilio a los Republicanos Españoles.